Aner Garatea: "Uste duguna baino gehiagotan erabiltzen dugu adimen artifiziala"
Lekeitiarra EHUko Adimen Artifizialeko Ingeniaritza Graduko lehen promozioko ikaslea izan da. Etorkizuna jakitea zaila dela dio, baina aurrerapena etengabea eta geldiezina dela uste du.
Zelan sartu zinen adimen artifizialaren munduan?
Duela lau urte sartu nintzen EHUko Adimen Artifizialeko Ingeniaritza graduan, oraindik adimen artifizialak ez zuenean hainbesteko oihartzunik. Nik argi neukan informatikaren arlotik bideratu nahi nituela nire ikasketak. Interneten adimen artifizialari buruzko artikuluak irakurrita, interesa piztu zitzaidan, eta justu lehen aldiz horren inguruko gradua atera zuten. Karrerako bigarren urtean egin zuen eztanda gaiak, eta orain edonon ikusi, entzun edo irakurri daiteke.
Alde horretatik, zuk argi izan zenuen etorkizuna zela.
Agian, kalean, telebistan edo irratian ez zen hainbeste entzuten, baina Interneten bazegoen adimen artifizialari buruzko informazio gehiago. Etorkizunera begira garrantzia hartzen joango zela argi ikusi nuen. Egia da informatikaren munduak betidanik arreta deitu didala, eta aukera oso ona iruditu zitzaidan.
Eta zer azaldu dizuete unibertsitatean?
Kontuan izan behar da gure promozioa lehendabizikoa izan dela, hau da, ez zegoen ezer prestatuta. Orduan, normala denez, gurekin probak egin dituzte, lehen hiru urteetan ezin izan ditugu irakasgaiak aukeratu. Lehen urte eta erdia ingeniaritzako informatiko bat egitea bezala da, matematika askorekin, eta programazioa egiten ere ikasten da. Hortik aurrera adimen artifizialean gehiago sakondu genuen, bere hastapenetatik egungo modelo sintetikoetara heldu arte.
Beraz, ikasketetan oraindik garatu beharra dago, are eta zuku gehiago ateratzeko.
Bai. gradua amaituta, masterren bat egiteko aukera bilatu nuen, baina ez nuen ezer interesgarririk aurkitu. Gradua, berez, orokorra izan da, beraz, ez dut aurkitu bestelako aukerarik gauza berriak ikasteko, dena are eta espezifikoago egiteko izango litzateke. Badago egonaldiak eta hitzaldiak egiteko aukera, baina ez da berdina. Gainera, adimen artifizialak arazo bat dauka: duela hilabete batzuk berritasuna zena, orain zaharkituta geratzen da. Garapena etengabea da, eta berrikuntzei oso adi egotea garrantzitsua da, atzean ez geratzeko.
“Adimen artifizialak arazo bat dauka, duela hile batzuk berritasuna zena, orain zaharkituta geratzen dela, alegia“
Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroan aritu zara.
Bai. Graduan ez dugu gai espezifikotasunerako tarterik izan, dena izan da orokorra, denetarik egin dugu. Gradu Amaierako Lanean datu base batetik datu sintetikoak ateratzeko eredu bat garatu dut. HITZ zentroan hiru hilabeteko praktikak egin nituen, eta osasun arloa garatu nuen. Helburua zen pazienteen datuetatik abiatuta, gaixotasuna detektatzea eta sailkapen bat egitea, gero konponbide bat emateko.
Eta lanerako hainbeste arlo izanik, zeinetan gustatuko litzaizuke lan egitea?
Edozeinetan; arlo guztietan iruditzen zait erabilgarria, betiere, proiektua interesgarria bada. Adibidez, Hizkuntza sortzaileren baten. Chat GPT erabiltzerakoan, esate baterako, aukera dago zuk testu sarrera bat sortzea eta berak gainerakoa idaztea. Horrelako gailuak oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Irudiekin ere zuku asko atera ahal zaio adimen artifizialari.
Gaur egun edozein arlotan aurkitu dezakegu adimen artifiziala.
Hori da, eta jendeak uste duena baino gehiagotan erabiltzen dugu gure egunerokotasunean, ez gara konturatzen, baina hor dago. Adibidez, telefono mugikorretako aurpegi edo atzamar irakurgailuak edo interneten bilatzen dituzun gauzen araberako proposamenak. Hori guztia Adimen Artifiziala da, baina barneratuta ditugu, beste batzuk ez bezala.
Horrenbestez, pentsatzen duguna baino gehiago erabiltzen dugu.
Bai, zalantza barik. Jendeak beldurra izan dezake; hainbeste entzuten denez, guztia hartuko duen beldur hori izatea normala da. Batez ere lanpostuekin gertatzen dela esango nuke, pertsonak ordezkatzeko makinak jarriko dituztela entzun izan da. Egia da, agian, postu batzuk ordezkatu ahalko dituela, baina beste asko ez, pertsonaren eskua ezinbestekoa delako. Nik erreminta bat bezala ikusten dut; gaur egungo lanpostuak hobetzeko modu bat izan daiteke, lana errazteko, hobetzeko eta optimizatzeko balioko duena.
“Errepikakorrak eta sistematikoak diren eguneroko gauzak egiteko erabiltzen dut batez ere“
Zuk, adibidez, egunerokotasunean zertan erabiltzen duzu adimen artifiziala?
Gehien erabiltzen dudana Chat GPT famatua da, ikasteko, programatzeko, ideiak emateko… edozertarako balio du. Batez ere, errepikakorrak eta sistematikoak diren gauzak egiteko erabiltzen dut. Horrelako gauzek denbora asko kentzen dizute, eta denbora baliatu behar dela uste dut, eta oso baliagarria da. Inteneten ordezko bat ere bada, edozein bilaketa egiteko modu azkarrago bat ematen dizulako.
Zelan ikusten duzu adimen artifizialaren etorkizuna?
Oso gaitza da esatea. Lehen aipatu dudanera itzultzen gara: hobekuntza eta aurrerapena etengabea eta geldiezina da. Duela urte batzuk ezinezkotzat jotzen zenuena, orain posible da. Hori bai, adimen artifizialak gizakien adimena bera hartu eta aurre egingo diola pentsatzen duena erratuta dago. Gainera, hainbesteko boom-a izan denez, erakundeak ere mugak jartzen hasi dira. Orduan, helduko da momentu bat non ezingo den aurrera jarraitu. Hala ere, oso gaitza da pronostiko bat egitea.