ADES elkartea Solope eta Lezeta arteko itsas labarrean aritu da lanean
Aurreratu dutenez, abendura arte kostaldeko inguruneri hori esploratu nahi dute
Asteburuko [urriak 12 eta 13] eguraldi eta itsasaldia lagun izanik, ADES Espeleologia Elkarteko kideek beste irteera “interesgarri bat” egiteko aukera ez dute pasatzen utzi nahi izan. Hain zuzen ere, Lekeitioko Solope eta Lezeta arteko itsas labarretan aritu dira lanean.
Jon Zubiaur Arantzadi Zientzia Elkarteko bazkide eta ornitologia saileko kolaboratzaileari kasu eginez, aukeratu dute gune hori. Solope eta Lezeta artean belatzek habiak egiteko erabiltzen duten eremua da. Horrenbestez, abendura arte, hegaztiek kumaldia prestatzen hasiko baitira orduan, ADES elkarteko kideek Lekeitioko herriko ingurune “sentikor eta kaltebera” horren zatirik handiena esploratu nahi dute.
Lehendabizi Solopera jaitsi ziren, eta bertan ur irteera interesgarri bi identifikatu zituzten, “itxuraz Eluntzeta aldetik estratoen fabore datozen infiltrazioak”, azaldu dute. Gero, aterpe bat markatu zuten, koordenadak eta argazkiak hartuz, “txori habia eta suarena izan daitekeen horma beltzagaz”.
Lezetan, berriz, aurreko beste irteera batean antzemandako arrakalari hobeto erreparatu zioten, “hobeto begiratzea merezi duela iritzita”: “Itsas bareko egun batean egin beharko dugu, enbarkazio batekin. Puntu horretan bloke arteko sargune bat dago, katalogatzerik merezi ez duela ebatzi dugu”.
Ekialderantza jonik hormaren egiturari erreparatu zioten, estratifikazio argia zuen eta zuloz beteta zegoela esan dute. Azpian, itsasoko kolpeek hustua, itsas fosilez betetako barra “ikusgarria” ikusi zuten. “Azken puntu irisgarrian, berriz, falla bertikal bat dago, haren ebakia eroritako bloke metrikoz beteta dagoelarik; handik metro gutxira, lehenago ikuskatu dugun ur irteeren lekua”.