Hastear dago umeen irakurketa kluba
Astelehenean [urriak 21] egingo dute lehendabiziko saioa eta parte hartzeko izena eman beharra dago toki mugatuak baitaude.
Bueltan dago Ondarroako umeentzako irakurketa kluba. Hain zuzen ere, astelehenean [urriak 21] egingo dute lehendabiziko saioa 3 eta 5 urte bitarteko umeentzako, 17:00etan, Txomin Agirre udal liburutegian.
3-5 urte bitartekoen saioak urriaren 21ean, eta 28an eta azaroaren 11n egingo dituzte. 5-8 urte bitartekoen saioak, berriz, azaroaren 18an eta abenduaren 9an eta 19an izango dira. Zehaztutako saio guztiak 17:00etan hasiko dira liburutegian.
Izena ematea doakoa da, baina derrigorrezkoa, eta liburutegian bertan egin beharko da, bertaratuz edo 946-83 33 43 telefono zenbakira deituta. Azaldu dutenez, gehienez 15 haurrek parte hartu dezakete gurasoekin batera.
Hainbat helburu bilatzen dituzte irakurketa klubagaz antolatzaileek: “Euskarazko liburuen irakurketa sustatzea, kalitatezko liburuak ezagutaraztea, guraso eta haurren arteko irakurketa giroa sortzea, haurrek giro lasai batez gozatzea edota irakurketa prozesuan parte hartze lasaia lortzea”.