100 jubilatu baino gehiago elkartuko dira Usubilgo irteeran
Urriaren 26an egun osoko irteera egingo dute Markina-Xemein, Etxebarria, Berriatua eta Ziortza-Bolibarreko jubilatuek.
Jubilatuek indarra dute eskualdean, ez daude geldi. Berriatuko jubilatuen elkarteak antolatuta, herriko, Markina-Xemein, Etxebarria eta Ziortza-Bolibarko jubilatuek egun osoko irteera egingo dute urriaren 26an Usurbilera.
“Urtean zehar behin baino gehiagotan elkartzen gara lau herriok”, gogoratu dute. 100 jubilatu baino gehiago elkartuko dira, Ziortza-Bolibartik bakarrik 38 lagunek eman dute izena. “Jende asko gara, batzuk ezagutzen gara, baina elkar ezagutzeko aukera ona izaten da”. Irteeraz gain, urtero beste bi ekintza egin ohi dituzte: mendi martxa eta karta jokoa, herrien artean txandakatuz antolakuntza.
Aurretik hainbat toki probatu dituzten arren, adierazi dutenez, azken urteetan antzeko plana egin izan dute. Goizean kostako herri bat bisitatzen dute: aurtengoan Zumaia izango da. Bertan, ordu eta erdiko ibilaldia egingo dute, eta ostean, Usurbilgo Aginaga Sagardotegian bazkalduko dute. Egunagaz amaitzeko, Zarautzera joango dira.