Urriaren 31ra arte parte hartu daiteke Leartibai Sarietan
Leartibai Fundazioak hirugarren aldiz antolatu du sariketa. Azaroaren 21ean banatuko dituzte sariak, Amoroton.
Bueltan dira, hirugarren aldiz, Leartibai Sariak. Leartibai Fundazioak Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta eskualdeko hamabi udalen lankidetzagaz antolatzen duen sariketa da.
“Ekimen honen helburua ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua ematea da”, azaldu dute. Horrez gain, ekintzailetzaren kultura hedatu nahi dute, batez ere, emakumeetan, kooperatiba eredua, merkataritza eta balio ernatsi altuko enpresak berritzaileak sustatzea nahi dute. Horrekin batera eskualdean lanpostu berriak sortzea ekarriko duelako.
Urriaren 31a parte hartu nahi dutenentzako azken eguna. Lea-Artibain 2023-2024 epealdian, 2024ko urriaren 31 baino lehen, negozio berri bat martxan jarri duen ekintzaileek parte hartu dezakete. Horretarako, “ezinbesteko baldintza” da eskualdeko herriren baten erroldatuta egotea. Horrez gain, ekintzaileek 18 eta 35 urte bitartean izan behar dituzte.
Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek izen emate orria eta lehiaketaren oinarriak eskuragai dituzte Leartibai Fundazioaren webgunean. Leartibai Fundazioak sei sari banatuko ditu, iaz baino bat gehiago: merkataritza establezimendu onenaren saria sartu baitute. Zehaztu dutenez, bakarrik emakume ekintzailearen saria da bateragarria gainontzeko sariekin. Horrez gain sare sozialetan bozka gehien jasotzen duen negozioak eskualdeko elikagaraiez osatutako otzara irabaziko du, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen eskutik, Hamen Bertokoa egitasmoaren baitan. Sari banaketa azaroaren 21ean 19:00etan egingo dute, Amoroton.
Hurrengokoak dira kategoriak eta sariak:
- Negozio idea berritzaile onena: 2.000 euro eta garaikurra.
- Ostalaritza, turismo edo zerbitzu enpresa onena: 1.500 euro eta garaikurra.
- Merkataritza establezimendu onena: 1.500 euro eta garaikurra.
- Kooperatiba eredurik onena: 2.000 euro eta garaikurra.
- Emakume ekintzaile onena: 500 euro eta garaikurra.
- Gazteek sortutako negozio ideia onena: 2.000 euro eta garaikurra. (5 sari banatuko dira kategoria honetan, bakoitza 2.000 eurokoa).
Epaimahaia Leartibai Fundazioko ekintzailetzako lan taldeko eta Kooperatiben Mahaia Elkarteko kideen osatutako egongo da. Irizpideei dagokionez, asko izango dituzte jokoan: Tokiko enplegua sortzea (enplegu kopurua eta hazkunderako potentzialitatea), bazkideen %50 gutxienez emakumeak izatea, bideragarritasun ekonomikoa, izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea edo/eta originaltasuna, taldearen gaitasun teknikoa eta esperientzia, negozioa martxan jartzeko egindako inbertsioak, teknologia berriak erabiltzea, Leartibai Fundazioaren enpresa sorrera zerbitzutik pasa izana edota merkatari elkarteko kide izatea.
Hitza izango dute
Herritarrak ere epaimahaikide izango dira Leartibai Sarietan. Leartibai Fundazioak bere Instagramera igoko ditu lehiaketan parte hartzen duten ideia guztiak. Herritarrek azaroaren 8tik 15ra bitartean haien botoa eman ahalko dute. Eskualdearen beharretara hobekien egokitzen den ideia “atsegin dut” batekin klikatuz baloratu ahal izango du. Horrez gain, “Atsegin dut” ematen duten pertsona guztien artean, bertoko produktuekin osatutako otzara eder bat zozketatuko da azaroaren 18an.
Zozketa horren irabazleari, saria azaroaren 21an emango diote, sari banaketa ekitaldian. Azaldu dutenez, Leartibai Fundazioak irabazleagaz kontaktatu ezin badu edo sariaren bila joan ezin bada, bigarren bigarren pertsona bati emango diote aukera. “Bata zein besteak sariaren bila etortzerik ez badute, banatu gabe geldituko da”.