Ondarrutarrak protagonista, Literatur Amuak jaialdian
Urriaren 24tik azaroaren 8ra arte askotariko ekintzak antolatu dituzte eta aurten herriko artisten gotorleku izatea nahi dute.
Badator beste urte batez Ondarroako Literatur Amuak jaialdia. Aurten gainera ondarrutarrak protagonista izatea nahi dute, “herriko artisten gotorleku”, hain zuzen ere. Urriaren 24tik azaroaren 8ra arte ospatuko dute eta askotariko ekintzak antolatu dituzte. Literatur Amuak jaialdia iragartzeko kartela Andoni Garcia diseinatzaile ondarrutarrak egin du.
“Disziplina desberdinetako sormena eta euskara ardatz hartuta ospatuko da jaialdia”, esan dute antolatzaileek. Aurten ere herriko sortzaileek hartuko dute “leku bereziena” Literatur Amuak jaialdian. Ekitaldi guztietarako ez da sarrerarik ordaindu beharko, baina aforoa bete arte bakarrik sartu ahalko dira herritarrak.
Aipatzekoak izango dira herriko artisten lanak. Juan Fernandez Egiguren argazkilariak, esaterako, Ondarrutarrak bildumaren II. atala erakutsiko du Udal Erakusketa Arteoan, urriaren 31etik azaroaren 10era bitarte: egunero 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 11:00etatik 13:30era. Urriaren 25ean, barikua, Josu Arrizabalagak Ondarru berbetan Ondarroako berba eta esaeren bilduma aurkeztuko du. Ondarroako Udalaren eskutik argitaratu duen liburua da. Hurrengo egunean 18:30ean, Unanue Kamara Koralak letragile euskaldunen errepertorioa eskainiko du Andra Mari elizan. Azaroaren 2an, zapatua, Mikel Etxaburu olerkariak Mattalingo alaba lan arrakastatsuan oinarritutako poesia musikatu ikuskizuna plazaratuko du Kofradia Zaharrean, 20:00etan. Mattalingo alaba, Saturrarango kartzelan egondako emakumeen bizipenak kontatzen dituen Etxabururen lana da.
Iragarpena. Urriaren 24an, eguena, ekingo diote jaialdiari, Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketagaz. Aurtengo sariduna zein den ezagutu eta proiektua aurkeztuko dute Kofradia Zaharrean, Joxemari Urteagagaz izango den solasaldian. Horrekin batera, iazko lehiaketa irabazi zuten bi idazleen nobelak ere aurkeztuko dira: Karmele Mitxelena Etxebesteren Zoriontasuna edo antzeko zerbait eta Gregorio Ramos Villanuevaren London Calling. Aurkezpenak Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenen eskutik izango dira. Bidez batez, Nanoipuin lehiaketaren sari banaketa ere egun berean egingo dute, 18:00etan.
Egitaraua:
Urriak 24, eguena.
- Nanoipuin lehiaketaren sari banaketa, 18:00etan, Kofradia Zaharrean.
- Ostean, Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa.
Urriak 25, barikua.
- Josu Arrizabalagaren liburuaren aurkezpena, 18:00etan, Kofradia Zaharrean.
Urriak 26, zapatua.
- Liburuen Amuak, Joxemari Urteagarekin, 10:00etan, Txomin Agirre udal liburutegian,.
- Unanue Kamara Koralaren kontzertua: letragile euskaldunen errepertorioa, 19:30ean, Andra Mari elizan.
Urriak 27, domeka.
- Arimen gaueko kontakizunak, Debako Kontalariaken eskutik, 17:30ean. Kofradia Zaharrean. Umeentzako bakarrik (4-10 urte).
Urriak 31, eguena.
- Artxibo biluzia antzezlana, Metrokoadroka antzerki kolektiboaren eskutik, 19:00etan, Kofradia Zaharrean.
Azaroak 1, barikua.
- Haur eta helduentzako ikuskizuna, 18:00etan, Kofradia Zaharrean,.
Azaroak 1, barikua.
- Bertso saio espekulatiboa, 19:00etan, Kofradia Zaharrean: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina. Gai jartzailea: M.Berriozabal.
Azaroak 2, zapatua.
- Poesia musikatua, Mikel Etxabururen Mattalingo Alaba liburuan oinarrituta, 20:00etan, Kofradia Zaharrean.
Azaroak 8, barikua.
- Solasaldia, Miren Agur Meabe idazleagaz, 18:00etan, Etxelilan.