Emakumeen elkargune bilakatu dute beste behin Andraetxea
Bigarren eskuko azoka egiten ari dira Andraetxean. Arratsaldean ere zabalik egongo da 17:00etatik 20:00etara eta domekan 11:00etatik 13:30era.
Lekittoko Mugimendu Feministak Andraetxeko ateak zabaldu ditu gaur [urriak 19]. Duela aste batzuk goiko solairua aurkeztu eta gero, gaur bigarren eskuko azoka egin dute. Azkenean, helburua lortzen ari dira, Andraetxea emakumeen elkargune izatea. Arratsaldean ere zabalik egongo da 17:00etatik 20:00etara eta domekan 11:00etatik 13:30era.
Bertan askotariko materialak trukatzeko aukera eman dute, batez ere arropak eta liburuak izan dira gehien batu dituztenak. “Jendeak nahi duen beste ekarri dezake, eta baita hartu ere”. Borondatea eskatzen dute bakarrik. Hain zuzen ere, haien helburua duten guztia saltzea da, ordenagailu bat erosi nahi dute lortutako diruagaz.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Bide onetik hasi dira horretarako. Lehengo Andraetxeak “kokapen hobea” bazuen ere, “erdigunetik hurbilago zegoen”, asko izan dira ateak zabaldu dituztenetik bertaratu diren herritarrak. Adin guztietako emakumeak bertaratu dira, baten batek oraindik ez zuen Andraetxea bertan kokatzen eta pozik atera da bertatik.
Helburu argiak jarraitzen dituzte, baina elkargune baten bilakatu nahi dute Andraetxea. “Helburua kontsumismoari begira gauzak bota beharrean berrerabili egin daitezkeela ikustea da. Eta erropa truke horrekin baita ere, normalean hemendik ibiltzen ez diren emakumeak etortzen dira, eta arroparen aitzakian halako topagunetxo bat bihurtzen da”.