Ioritz Gisasolak irabazi du Bizkaiko Pentatloi Txapelketa, Lekeition
Lekeitioko plazak hartu du gaur [urriak 19] finala. Horrez gain, bestelako herri kirolen proba konbinatua egin dute.
Lekeitiok hartu du gaur [urriak 19] Bizkaiko Pentatloi Txapelketa. Nor baino nor gehiago aritu dira Aritz Irazabal, Ioritz Gisasola Zelai IV eta Beñat Amade. Horrez gain, Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakuntza bestelako erakustaldiak ere antolatu ditu herriko plazan. Herri kirol goiza izan da Lekeitiokoa.
Hiru parte hartzaileek hurrengoko lana egin behar izan dute. Lehenengo 15 jasoaldi 100 kiloko bolari; jarraian, giza proban, bi untze 400 kiloko harriagaz. 45 ontzako lau enbor moztu behar izan dituzten aizkoragaz eta 4 untze osatu 50 kiloko txingekin. Azkenik, aurreko guztia gutxi balitz, kilometro eta erdi egin behar izan dute korrika.
Hirurak izan dira Bizkaiko txapeldun modalitatean, baina azken urteko txapela irabazteagatik, Zelai IV zen hautagai nagusia. Harri jasotzean eta giza proban, berriz, Irazabalek amaitu ditu lehenago lanak. Amade ez urrun, baina atzean geratu da. Aizkoran erakustaldia emanda hartu du aurrea Gisasolak. Alde egin du bere bi aurkariekiko eta txingetan eta korrika saioan eroso aritu da. Azkenean 22 minutu eta 49 segundo behar izan ditu Pentatloia egiteko. Bigarren Irazabal izan da eta hirugarren Amade.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Aldaketa
Gisasola “oso pozik” agertu da txapelagaz, Lekeitioko plazan gozatu duela esan du. Eta hori ez da erraza, hiru kirolariek leher eginda amaitu baitituzten lanak. “Euskal Herriko Pentatloi Txapelketan gehiegi presionatu nuen nire burua eta ez nuen disfrutatu. Gaur oso lasai etorri naiz, eta horrek asko lagundu nau, buruak pentsatzen duguna baino garrantzi handiagoa dauka”.
Hurrengo erronkei buruz galdetuta, Zelai IV.ak apur bat alde batera utzi nahi du Pentatloia eta bere berezko diziplinan buru belarri aritu: aizkolaritza. “Azken hiru urteetan Pentatloian aritu naiz, baina kontuan izanda 2026ra arte ez dagoela Euskal Herriko Txapelketarik iragarrita, apur bat aizkoran aritu gura dut. Nire bihotza aizkolaritzan dago eta bertan jarri nahi ditut nire gogo eta esfortzu guztiak”.
Gehiago
Horrez gain, Amaia Mendinuetak Bizkaia Open Txapelketako harri jasotzaile saioa osatu du hiru modalitatetan. Sustabizek Herri Kirol Elkarteko kirolariek ere erakustaldia eskaini dute. Alde batetik, Iñaki Rafael eta Leire Olea aritu dira, eta bestetik, Leire Astoreka eta Iker Kalzada. Trontzan, ingude jasotzean eta txinga erutean aritu dira.