Arimek eskualdeko herrietako kaleak hartuko dituzte
Eguenean [urriak 31], Arimen Gaua ospatuko da eskualdeko zeinbait herritan, eta horretarako egitarau beldurgarria prest dute, herritarrek hildako arimekin bat egiteko.
Arimen Gaua edo Gau Beltza heltzear dago, eta horrekin batera, eskualdeko hainbat eta hainbat herrik horrekin bat egingo dute. Izan ere, gaur egun sendo egonkortu da arimekin batzeko gaua Euskal Herrian.Urte batzuetako geldialdiaren ostean, igaz bezala, aurten ere asko dira ekimen horrekiko prestatu dituzten ekintza eta jarduerak. Lea-Artibain, Amoroto, Etxebarri, Lekeitio, Markiña-Xemein, Ziortza-Bolibar, Aulesti, Ispaster eta Ondarru beltzez jantziko dira, Mutrikun, gainera, urtero legez berebiziko garrantzia du Gaba Beltzak, eta herritarrek hildako arimekin bat egiteko aukera izango dute, emozioz eta jarduerez beteriko asteburu beldurgarri bezain alaiean uztartuz. Nahiz eta gehienbat bihar (urriak 31) egingo diren aurreikusitako jarduera gehienak, badira Arimen Gauaren aterkipean asteburu guztia edota aste guztirako ekintzak ere prestatu dituzten herriak.
Hildakoen omenez azaroaren hasieran ospatzen diren jaien barnean kokatu behar dugu gau berezi hau. Santu Guztien Eguna edo Domu Santu eguna azaroaren lehena izaten den heinean, Arimen Gaua bezperan ospatu ohi da. Urriaren 31n beraz, esan bezala, Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso hedatuta dago duela hamarkada batzuetatik. Jaiaren jatorriarekiko, hildakoen inguruko ospakizun hauek erlijio katolikoarekin batzen baditugu ere, bere jatorria zeltek ospatutako Samhaim jaian du. Jaiaren izena antzinako irlanderatik dator eta udaren bukaera esan nahi du. Uzta biltzeko sasoiaren amaiera ospatzeko jaia zen jatorriz, baita ere iluntasunarekin hasten zen zelten urte berriaren ospakizuna ere. Trantsizio jaia da beraz, baita beste mundurako irekiera ere. Hiru mila urtez Europa osoko zelta nazioek ospatu izan dute. Euskal Herrian ez da gutxiago, eta horregatik, iluntzean herritarrek hildakoez gogoratzeko ekintzez gozatzeko aukeran murgilduko dira, giro iluna nagusi izango den gaba batean.
Mutrikuarrentzat garrantzi handiko gaua da Gaba Beltza. Horregatik, egitarau osotu eta biribila prestatu dute asteburu osorako. Talaixako mamua sortuko dute bihar, eta gauean horixe erreko dute, Axuri beltza kalejirarekin batera. Barikuan, ordea, goizerik egongo da giroa herrian, adin guztietako jendearentzako jarduerak eskainiz; munstro txikiak jolasean, ihes gela eta film beldurgarria ahalbidetu ditu Mutrikuko Udalak. Zapatu eta domekan ere jarrituko dute mutrikuarrek beldur-giroarekin, eta besteak beste, Psycho-clownen kalejira izango da ikusgarri. Perkusioa, piroteknia eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna da. 9 pailazo ero eta beldulgarri, zarata egiteaz arduratuko dira eta piromanoak berriz, ingurua argiztatzeaz, ikuskizun izugarri eta erakargarri bat sortuz.
Lea-Artibain ere hainbat dira Arimen Gauarekin bat egingo duten herriak; Amoroto, Etxebarri, Lekeitio, Markiña-Xemein, Ziortza-Bolibar, Aulesti, Ispaster eta Ondarru, batik bat. Gehienbat guraso elkarteek eta herritarrek antolatutako ekintzekin, eta horietako gehienak mozorro beldurgarriz, kalejirez eta musika eta dantzez jantziko dira hurrengo egunotan. Tailer desberdinak ere ahalbidetzen dituzte, gainera, adin guztietako jendeak parte hartzeko aukera izan dezan. Orokorrean, iluntasuna eta isiltasuna nagusituko da eskualdean, hain zuzen ere.
EGITARAUA, HERRIZ HERRI:
Amoroto
17:30. Herria apaindu.
18:30. Inguruko etxeetara eskean.
Ondoren. Bueltan plazara kalejiran.
19:30. Eskean eskatutakoagaz disfrutatu, plazan.
Aulesti
17:00-19:30. Tailerrak: beldurrezko jantzia prestatu, aurpegia margotu eta kandeladun ontzia egin.
Ondoren. Gure beldurrak kanporatu.
Ondoren. Gaztainerre.
19:30-20:00. Beldurrezko ibilbidea.
Berriatua
18:30. Aurpegiak margoztu.
19:00. Ibilbide beldurgarria. Ondoren, bolatokian beldurrak erre.
18:30. Urepel plazan, gaztain erreak eta txokolate beroa.
Etxebarri
19:00. Eskolako parke parean kalejiraren hasiera.
Ondoren. Arimen dantza Plaza Barrin.
Bukatzeko: Kopaua.
Ispaster
17:30. Photocall eta Arimen Gaueko tatuajeak.
Lekeitio
17:00. Kalabaza apainketa eta aurpegi margoketa.
18:00. `Xanguli Manguli, daukonak ez daukonari´.
19:00. Ipuin kontalaria: Odei Arregi.
20:00. `Beldurrak eta penak erre´.
20:30. Kalejira Arranegitik.
21:00. Dantza: Klara Haiden Laka.
Ondoren. Lekittoko Deabruak.
21:30. Txirrist txaranga, beldurrak guztiz uxatzeko.
Markina-Xemein
Bihar, eguena.
19:00. `Gaueko Lorak´ ibilbide antzeztua.
Azaroak 2, zapatua.
12:00. Kandelen argitan kontatzeko ipuinak.
Mutriku
Bihar, eguena.
18:00-19:30. Talaixako mamua sortzen.
20:00. Axuri Beltza kalejira eta Talaixako mamua erretzea.
Etzi, barikua.
11:00-12:00. Munstro txikiak jolasean.
17:00-20:00. Ihes gela merkatu plazan.
18:00-20:00. Film beldurgarria, Zabiel Kultur Etxean.
Zapatua, azaroak 2.
16:00-20:00. Ihes gela gaztelekuan.
18:30. Arima Dance taldearekin kalejira.
Ondoren. Miruaitz pilotalekuan, emanaldia.
20:00. Psycho-Clown.
22:30. Kontzertuak: SOA+ERASO!
Ondarru
19:00-21:00. Maskulo etxetik Zubi barrirainoko argiak itzaliko dira.
Ziortza-Bolibar
Zapatua, azaroak 2.
17:00. Sormen tailerra.