Ondare jokoa sortu dute Lekeition
Lekeitioko Herri Eskolako, Azkue Ikastolako eta institutuko ikasleek sortu dituzte galderak, eta jokoak bederatzi atal dauzka.
Bihar [azaroak 3] 699. urte beteko ditu Lekeitoko hiribilduak, eta 700. urtemugara begira, datorren urteko azaroaren 3a bitarteko egitarau zabala prestatu dute, Izan Lekeitio 700 lelopean. Egutegi horren barruan, Ondare jokoa aurkeztu dute gaur eguerdian [azoroak 2], Eusebio Erkiaga Kultur Etxean.
Urteurrenerako sortutako webgunean ( lekeitio700.eus ) zein mugikorretan deskargatuta jolastu daiteke. Bederatzi atal ditu joko interaktiboak: Geografia, Historiaurrea, Erromatarren sasoiko aztarnak, Erdi Aroa, Aro Berria, Aro Garaikidea, Jarduera ekonomikoak historian zehar, Folklorea eta ohiturak eta Euskara eta literatura. (JOKATU HEMEN)
90 galdera dauzka; ez dago galdera kopuru bera atal denetan. Galdera bakoitzak hiru erantzun ditu, eta bakarra da zuzena. Atalkako puntuazioa dauka, eta amaieran, puntuazio orokorra ematen du, atal bakoitzean ateratakoa zehaztuta. “Atal bakoitza amaitzean, emaitza ematen dizu, gainditu duzun ala ez esaten dizu. Denak amaitutakoan, puntuazio orokorra ikusten duzu, baita atalkakoa ere. Baina ez dago inon gordeta, ez dago sistemaren batean jasota”. Gainditutako atalak berdez agertzen dira, eta gainditzen ez direnak, berriz, gorriz. Gainera, galdera bakoitza erantzutean, jokoak, ahoz, lekeitiar berba edo esaerekin erantzuten dio erabiltzaileari. Era berean, atala gainditzean Anteroren kanta entzuten da. “Lekeitioko berbak nolabait berreskuratzeko aukera ere ematen dute erantzunek”.
Udalerriko hezkuntza zentroekin elkarlanean eratu dute jokoa; izan ere, Lekeitioko Herri Eskolako, Azkue Ikastolako eta Lekeitioko BHIko ikasleek sortu zituzten galderak aurreko ikasturtean. Maite Garamendi udal artxiboaren arduradun eta Izan Lekeitio 700 lantaldeko kideak egokitu ditu ikasleen galderak: “Uste baino lan gehiago suposatu dio Maiteri; dena orraztu, errepikatzen ziren galderak kendu, txarto zeudenak zuzendu… behar izan du”, adierazi du Igotz Espeja Hezkuntza zinegotziak.
Lekeitioko ondareari buruzko ezagutza herritarren artean zabaldu nahi dute: “Ikastetxeetan, kuadrillan, familia bazkarietan… jolasteko aproposa da, eta aldi berean, gauza asko lantzen dira”.
Ondare-fitxak. E-coordina enpresakoekin egin dute joko interaktiboa, eta bertako kide Aitor Jaiok azaldu ditu proiektuaren xehetasunak. Berak esan bezala, jokoa ez dute ezerezetik sortu; izan ere, 2019an egindako lanketa dauka oinarri.
Garamendik gogoratu du 2017an Hezkuntza Batzordetik beka bat atera zutela, ondare-fitxa batzuk egiteko. Beka horren helburua zen ikastetxeetako ikasleek, euren ikasketak amaitzean, herriko ondarea ondo ezagutzea. Kultur eta natur ondarea ezagutzeko, gai batzuei buruzko informazioa “era errazean” eskuratzeko moduan ipintzea pentsatu zuten. Hau da, kalitatezko bibliografia erabilita, gai zehatz batzuk lantzea zen euren asmoa. “Gerora, informazio hori erabilita, irakasleek sortu behar zituzten unitate didaktikoak; guk edukiak ipini, eta adin bakoitzarentzat egokitutako unitate didaktikoak egin behar zituzten. Beka hura Ander Plaza Txopiteak atera zuen. Ondarea kronologikoki biltzeaz gain, beste gai edo atal batzuk sortu ziren, momentu hartan zegoen bibliografia fidagarrienarekin”.
Ondare-fitxa horiek ikastetxeetara eroan zituzten. Baina, oro har, herritarrentzat interesgarriak izan zitezkeela iritzita, egindako lana udalaren webgunean ipini zuten. 400 orriko PDFa osatzen zuten fitxek, eta beraz, beste formatu batera pasatzeko beharra ikusi zuten: “Aitorren enpresak egin zuen lan hori, eta horrez gain, ondare fitxetatik informazioa aterata, joko interaktibo bat sortzea proposatu zuten. Momentu hartan, baina, ez zen aurrera eroan”. Jokoa zelakoa izan zitekeen ere diseinatu zutela kontatu du Jaiok: “Jokoa zelakoa izan zitekeen ikusteko, prototipoa egin genuen 2019an. Izan ere, zegoen informazioari etekin gehiago atera geniezaiokela uste nuen. Udalaren webgunean egonda, agian, adituek edo gai hauetan interesa daukatenek ikusiko zutela pentsa zitekeen, baina gazteentzat edukia erakargarriagoa egiteko eta interesa eta motibazioa pizteko, jolas interaktiboa egiteko aukera zegoela ikusi nuen. Edukia planteatuta edo zehaztuta zegoen modua oso egokia zen jolas bat egiteko”.
Hezkuntza zinegotziak kontatu duenez, 700. urteurrenaren testuinguruan, herri curriculuma lantzeko eta ikasleengana heltzeko, ikastetxeekin zer egin zezaketen hausnartzen hasi ziren Hezkuntza Batzordean, agintaldi hasieran. Zerbait erakargarria, erraza eta lekeitiarren nortasunarekin zerikusia zeukana izan behar zela argi eduki zuten, eta Garamendirekin berba egitean, orain dela urte batzuk egindako lanketari probetxua ateratzeko aukera zeukatela ohartu ziren: “Lana nahikoa egituratuta zegoela eta gure helburuekin uztartzea oso erraza zela ikusi genuen. Beraz, Hezkuntza Batzordera eraman genuen, eta jolas formatura pasatzeko, atal edo arlo bakoitzetik galderak atera behar zirenez, ikastetxeetara jo genuen”.