Aimar Fernandezek irabazi du X. Usotegi Eguneko aitzur jaurtiketa
Aitzur jaurtiketaren ostean punteria txapelketa egin dute: Gotzon Aretxaga izan da irabazlea.
Joan den urriaren 26an ospatu zuen Lekitto Bedarra taldeak X. Usotegi Eguna. Egun guztian euria egin bazuen ere, ia ekintza guztiak eroan ahal zituzten aurrera. Aitzur jaurtiketa izan zen atzeratu egin behar izan zuten ekintza bakarra, eta joan den eguenean [urriak 31] hartu zuten horretarako tartea.
Hala, orain arteko partaidetza onena berdintzea lortu zuten: “2016an izan dugu orain arteko partaidetza onena, eta aurten berdindu egin dugu: zazpi partaide izan ditugu gizonen mailan”. Zazpi partaidetatik sei lekeitiarrak izan ziren, eta bat, aldiz, erromatarra.
Hala, denetan onena Aimar Fernandez 20 urteko gaztea izan zen: 19 metro eta 50 zentimetroko marka lortu zuen aitzurragaz. Bigarren, 20 zentimetro gutxiagoko markagaz, Peio Mugika geratu zen (19 metro eta 30 zentimetro). Hirugarren postua, aldiz, Julian Arratek lortu zuen, 19 metroko marka lortuta.
Aitzur txapelketagaz batera punteri txapelketa ere jokatu zuten partaideek. Zutabe bat ipini zuten zelaian, eta aitzurragaz botatzen saiatu ziren partaideak. Hala, denetan onena Gotzon Aretxaga 20 urteko gaztea izan zen.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Usotegi Eguna posible egin duten babesleei: Ugarteburu elektrotresnak, Txo eta Txio Txio erropa dendak, Elu Burdindea, Lur Berri eta Marylin denda.