Gertatutakoa ahanzturan erori ez dadin, Oroimen Astea egingo dute Mutrikun
Zapatuan [azaroak 9] Oroimen Eguna egingo dute Saturraranen, 12:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, eta bertan, Saturrarango kartzelan egondako emakume eta umeak oroituko dituzte.
Oroimena eta memoria beharrezkoak dira ez ahazteko, eta horretan dabil Mutrikuko Saturraran Elkartea. Arten ere, urtero legez, Oroimen Astea Antolatu du, gaurtik [azaroak 4] zapatura [azaroak 9] arteko egitarauarekin. “Garrantzitsua da urtero data zehatz baten bueltan oroimen ariketa egitea, gogoratzeko eta ez ahanzteko. Horretarako, Saturraran leku ezin hobea da. Badirudi hemen ez zela ezer gertatu, eta ez da horrela, zoritxar askoren testigu izan baitzen”.
Mutrikuarrak eta gerra zibila erakusketarekin emango diote hasiera asteari, eta gaurtik [azaroak 4] ostiralera [azaroak 7] arte egongo da Zabiel Kultur Etxean. “Mutrikun Eusko Gudarostean ibili ziren gudarien argazkiak eta izenak egongo dira bertan. Horrez gain, bi kasu nabarmenduko dira, gerra garaian atxilotutakoenak eta kontzentrazio esparruetan egondakoak. Beraz, horiek izango dira gai nagusiak“, aipatu dute Saturraran elkarteko kideek.
Azaroaren 7an [eguena] Nikolasa Agirrezabalaga Amutxastegiren inguruko hitzaldia egongo da Zabiel Kultur Etxean, 19:00etan. Mutrikuar neska gazte bat zen Nikolasa Agirrezabala Amutxastegi, 1937ko abenduaren 13an Zaragozan fusilatu zuten, epaiketan heriotza zigorra ezarri ostean. “23 urte zituen Nikolasa Agirrezabalagak fusilatu zutenean. Mutrikuarra zen, baina Donostian atxilotu zuten, eta Zaragozan epaitu. Epaiketan heriotza zigorra ezarri zioten eta 1937ko abenduaren 13an fusilatu zuten, Zaragozan, Torrero hilerriko hormaren kontra. Gaur egun, epaitu eta fusilatu zuten herrian bertan, beste hainbeste fusilaturekin batera, oroigarri bat jarri diote”. Saturraran Elkarteko kideek Agirrezabalagaren historia zabaltzeko beharrezkotasuna azpimarratu dute: “Artxiboetara sartzeko aukera izan dugu, eta aurretiaz, fraide batek idatzi zituen Nikolasa Agirrezabalagak hil aurreko egunetan bizitzako testigantzak geneukan. Bien arteko aldea eta kontraesanak ikusi ditugu horrela, zer den paperean jasotzen dena, eta zer den benetan bakoitzak bizi duena”.
Oroimen eguna. Zapatuan [azaroak 9] egingo duten Oroimen Egunarekin emango diote amaiera asteari. Saturraranen izango dute hitzordua, eta bertako kartzelan egondako emakume eta umeak omenduko dituzte. “Ekitaldi xumea egingo dugu, urtero bezala. Horrez gain, 105 urterekin hil berri den Angeles Florez Peon ‘Maricuela’ omenduko dugu, Saturrarango kartzelan egon baitzen espetxeratuta. Jakin badakigu, Saturrarango kartzelan umeak egon zirela, Mutrikun dauzkagu eta horietako batzuk. Baina hain desberdinak ziren leku hartako errealitateak, Angeles Florezek ez zuela inoiz umerik ikusi kartzela hartan”. Honekin, isolamenduaren auzia erdigunean jarri nahi izan du elkarteak. “Gertatutakotik ez dugu ikasten, ezer ez dugu behar berriro gerran hasteko. Beraz, pasatakoa oroitu, eta berriro gertatu ez dadin, bakea lortzeko bidea egiten jarraituko dugu”. Egunean bertan ekitaldia egingo dute Mutrikuko Saturraran Elkartekoek: “Ekitaldi xumea izango da, baina beharrezkoa da urtero egitea, ez ahazteko. Hitzartze bat, omenduentzat lore eskaintza, agurra dantzatu, eta txalaparta hotsekin oroituko ditugu”.
EGITARAUA
- Azaroak 4tik 8ra
- 17:00etatik 19:00etara. Mutrikuarrak eta gerra zibila erakusketa, astelehenetik ostiralera, Zabiel Kultur Etxean.
- Azaroak 7.
- 19:00. Nikolasa Agirrezabalagaren kalbarioa hitzaldia, Zabiel Kultur Etxean.
- Azaroak 9.
- 12:00. Oroimen Eguna, Saturraranen.