Lekeitiarrek "ezin hobeto" eman diete hasiera 700. urteurrenari
Ospakizunei hasiera joan den barikuan [azaroak 1] eman zieten arren, hasiera ofiziala atzo [azaroak 3] egin zuten, elizpean egin zuten aurkezpenagaz.
Atzo [azaroak 3] bete zituen Lekeition 699 urte, eta atzo eman zioten hasiera ofiziala 700. urteurreneko ekimenei ere. Izan Lekeitio 700 lelopean asteburu bete-betea izan dute lekeitiarrek. Lekeitioko Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, herritarrekin izan duten lehenengo hartu-emana “ezin hobeto” joan da: “Gure lehenengotariko helburua da herritarrek parte hartzea, eta asteburuan hori guztiz lortu dugu”.
Joan den urriaren 26an aurkeztu zituzten logoa, leloa eta urteko ekintzen nondik norakoak, eta barikuan [azaroak 1] eman zieten hasiera ekintzei. Urteurrena estreinatzeko lehenengo ekintzagaz, nola ez, Lekeitioren jatorria ezagutu zuten herritarrek. Juan Manuel Gonzalez Cembellinek Sare komertzial berriak, Lekeitioren fundazioa eta horren ondorioak hitzaldia eman zuen Santo Domingo komentuan: “Lekeitioren sorrerari buruz hitz egin zuen, zergatik sortu zen Lekeitioko. Bertan kontatu zuen nola Maria Diaz de Harok sortu zuen Lekeitio, Flandriara artilea bidaltzeko portuak behar zituelako”.
Azaldu zuenez, bazeuden beste bi portu jarduera hori egiteko, Bermeokoa eta Bilbokoa, baina Diaz de Harok, Gaztelatik ere erasoak egon zitezkeela eta, dibertsifikatu egin nahi izan zuen: “Hala sortu zituen beste hiru portu: Lekeitiokoa, Ondarroakoa eta Portugaletekoa. Ondarroak bi urte barru beteko ditu 700 urte”. Udal ordezkariak “oso pozik” geratu dira hitzaldiak izan zuen erantzunagaz: “Aretoa beteta egon zen, eta zentzu horretan gu oso-oso pozik geratu ginen”.
Zapatuan [azaroak 2] ere eduki zuten zer egina herritarrek. Eguerdian Lekeitioko ikastetxeek sortu duten ondare joko interaktiboaren aurkezpena egin zuten Eusebio Erkiaga kultur etxean. Bederatzi atal ditu jokoak, eta urteurrenerako sortutako webgunean ( lekeitio700.eus ) zein mugikorretan deskargatuta jolastu daiteke.
Aurretik baina, egitarauan sartu ez zuten ekintza “berezi” bat egin zuten: “Urteurrenaren harira abesti bat sortu da lekeitiarren artean. Miren Agur Meabek letra egin du, eta Aritz Elordietak eta Unai Egiak musika sortu dute. Eurekin batera, beste hainbat ere ibili dira abesten, denak ere, lekeitiarrak”. Hala, abestiari bideoa ipintzeko asmoz bideoklipa grabatu zuten herriko hainbat txokotan: “Arrakastatsua izan zen zeharo. Denak mahoizko kamisetekin jantzita, eguraldiak ere lagundu zuen… Espero dugu Gabonetarako emaitza ikusi ahal izatea eta abestia plazaratzea”.
Zapatua goi-goitik amaitzeko Buenaventura Zapirain musikariaren ibilbidea aztertu zuten Aritz Labrador musikariaren gidaritzapean: “Kontatu zigun nola Lekeition jaio zen Zapirain, eta Donostian garatu zuen bere bizitza. Egia esan, oso interesgarria izan zen, eta horra ere jende pila bat joan zen”. Gainera, Kilin Kalak Abesbatzak Zapirainen obra baten azkenengo bertsoak abestu zituen: “Oso hunkigarria eta polita izan zen”.
Gorriz markatutako eguna. Aurreko egunetako beroketen ostean, atzo [azaroak 3] ospatu zuten eguna handia. Egunagaz hasteko erraldoi eta buruhandien kalejira egon zen, eta ostean, Iranzun Mentxakak urteurrenaren nondik norakoak azaltzeagaz batera, urte guztian zehar elizapean egongo den Urdin eta berde artean erakusketa aurkeztu zuten. Horretarako bertan egon ziren, udaleko ordezkariekin batera, Meabe idazlea eta Aitor Iturbe eta Iñaki Goiogana historialariak euren lana aurkezten: “Itsasertzean, urdin eta berde artean sortu zen Lekeitio orain dela miloika urte, baina, lekeitiarrok, apalak, herribildu bihurtu gineneko 700ak baino ez ditugu ospatuko. Maria Diaz de Haro Bizkaiko Jaurerriko andereak eman zigun herri kartaren urteguna aitzaki, Lekeition izandako gertaera esanguratsuenak dakarkizuegu, denak ezin. Elizapean, handia handien artean, txiki geratu zaigu dena kontatzeko”.