Martxan dago Berriatuko egutegirako VII. argazki lehiaketa
Aukeratutako argazkiekin 2025eko egutegia egingo dute eta herriko etxeetan banatuko dute.
Urte amaiera hurbiltzeagaz batera, herri askotan hurrengo urterako egutegirako argazki lehiaketak martxan jartzen dira, baita Berriatuan ere. Azaroaren 30era parte hartu daiteke herriko egutegirako VII. argazki lehiaketan. Aukeratutako argazkiekin 2025ko Berriatuko egutegia osatuko dute, eta etxe guztietara banatuko dute.
Gaia librea den arren, argazki guztiak Berriatuko paisaiagaz lotutakoak izan beharko dira. Horrez gain, argazki bakoitzari hilabetearen izena jarri beharko diete parte hartzen dutenek. Argazki bat baino gehiago aurkezteko aukera ere egongo da, baina gutxienez lau argazkiko bildumak izan beharko dira. Argazki guztiak horizontalak izan beharko dira, eta formatu digitalean entregatu behar dira egutegiargazkiak@gmail.com helbidera.
Lau sari banatuko dituzte. Alde batetik, argazki onenak eta bilduma onenak, gutxienez lau argazkiz osatutakoak, 100 euroko bonoa eskuratuko dute, herriko komertzioetan gastatzeko. Bestalde, parte hartzaile guztien artean zozketa egingo dute, eta herriko komertzioetan gastatzeko 50 euroko bi bono zozketatuko dituzte.