DA! PRO topaketa sortzaile eta antolatzaileen elkargune izango da
Azaroaren 26an eta 27an egingo dute Durangon eta gaur [azaroak 6] aurkeztu dute Bilbon.
Durangoko Azokaren atarian seigarren aldiz egingo dute DA! PRO topaketa. Aurten azaroaren 26an eta 27an elkartuko dira familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sortzaileak, musikariak eta programatzaileak “aurrez aurre ezagutu eta etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko”.
Bertan parte hartuko duten sortzaileen hautaketa egin dute antolatzaileek, eta azaroaren 11tik 22ra bitartean, programatzaileek eman ahalko dute izena. Hain zuzen ere, hori aurkeztu dute gaurko [azaroak 6] ekitaldian.
Topaketan, batetik, euskaraz jarduten duten sortzaileak egongo dira euren proposamenak aurkezten. Bestetik, ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programatu behar izaten dituzten kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jai antolatzaileak egongo dira. Zuzeneko harreman horren bidez helburu bi lortu gura dituzte DA! PRO topaketaren bultzatzaileek: “kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea”.
Aurtengo Durangoko Azokako leloa Hartzea ematea da eta horrek euskara indartzeko bide bate dela diote. Alde horretatik, porgramatzaile eta teknikariek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratu dute.
Azaroaren 26an zortzi familia ikuskizun plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel liburutegian: Ene Kantak, Gora Musika, Gookapi, Hutsun txalaparta, Komorebi produkzioak, Laura Penagos, Loa eta Laia eta Marramiau sorkuntza taldea. Hurrengo egunean musika proiektuen txanda izango da, Plateruenan; 27 talde eta bakarlarik eman zuten izena, eta horietatik hamar aukeratu dituzte antolatzaileek: Albina Stardust, Aria, Eider, Erromintxelak, Heriotz, Kai Nakai, Karena, Mikel Urretagoiena, Trigger eta Zilibito records
Azkenik, urtarrilaren 25ean MusikaGaz Fest jaialdiaren hirugarren edizioa antolatuko du Zornotzako Udalak, eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenekin osatuko du. Beraz, hilaren 27ko aurkezpenean parte hartuko duten musikariek hautaketa horretan egoteko aukera edukiko dute.