Durangora irteera egingo dute Lekeitioko Denbora Bankuko kideek
Azaroaren 16an egingo dute irteera; parte hartzeko ez dela taldekoa izan behar argitu dute. Irteerara joan nahi dutenek izena eman beharko dute barikua [azaroak 8] baino lehen.
Lekeitioko eta Durangoko Denbora Bankuek elkartrukea egingo dute azaroaren 16an. Joan den urriaren 20an Durangoko Denbora Bankuko kideak joan ziren Lekeitiora, bertoko txokoak ezagutu eta Lekeitioko Denbora Bankuko kideak ezagutzera. Hala, ekimenaren bigarren zatian lekeitiarrak izango dira Durangora joango direnak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, edonork parte hartu dezake Durangora egingo dute irteeran. Lekeitiora 22 durangar joan ziren: “Lumentxako altxorrak bisitatu eta Ekaitzen prestatutako bazkariarekin gozatu zuten. Oso pozik egon ziren, eta orain eurek gidatuko duten Durangoko bisita prestatzen ari dira”. Hala, 10:30ean irtengo dira Lekeitiotik; Bizkaibusean joango direla azaldu dute. Bisita gidatuari 11:30ean emango diote hasiera, Durangoko turismo bulegoan: “Ordu eta erdiko ibilaldia izango da. Egun hori aprobetxatuko dugu elkar ezagutzeko eta elkarlan akordioak adosteko”. Horretarako tartea izango dute, hain zuzen ere, 14:00etatik aurrera: “Bazkaria egingo dugu. Pintxoak debalde izango dira, baina edariak bakoitzak berea ordaindu beharko du”.
Hala, egunagaz amaitzeko, itzulera bakoitzak nahi duenean egin dezake. Irteerara joateko izena eman behar da barikua [azaroak 8] baino lehen, 648 51 17 41 telefonora deituz. “Deialdia edozein herritarrentzako zabalik dago, taldekoak ez direnentzat ere bai. Ongi etorriak izango dira denak”, azaldu dute.