Egun grisak kolorez janzteko egitarauak
Munitibartarrek Udazkeneko Agenda abiatu dute, eta abendura bitartean denetariko ekimenak edukiko dituzte herrian. Egitarau horren barruan, gainera, Agenda Morea ere badago, aldarria eta kultur eskaintza uztartzen dituena.
Herri kulturzalea da Munitibar. Urteak joan, urteak etorri, herritar guztiei egokitutako eta gizarte eragileen artean ehundutako kultur eskaintza oparoa atontzen dute. Aurtengo udazken eta negu aldiari begira josi dutena, hain zuzen ere, horren erakusle fidela da. Izan ere, Udazkeneko Agenda izeneko egitarau kulturala abiatu dute, eta azaroan nahiz abenduan herritarrek denetariko egitasmoez gozatzeko aukera paregabea edukiko dute. Udazkeneko Agendaren barruan, gainera, bada emakumezkoen saretzeari eta antolakuntza feministari espreski keinu egiten dion tentakulu bat: Agenda Morea. Hala agenda bateko, nola besteko ekimenak batuta, era guztietako jarduerak egongo dira eskuragarri udalerrian, urteko hilabete ilunak argi errainuz jantziko dituztenak.
Agenda Moreari dagokionez, adin desberdineko emakumezkoek prestatuta dator beste behin, horrek beregain duen aniztasun eta aberastasunagaz. Berez, urteko “egun seinalatuei erantzuna emateko” ondu zutela argitu dute antolatzaileek: “Martxoaren 8aren, azaroaren 25aren edota Greba Orokor Feministaren inguruko ekimenak jorratzeko sortu zen bere oinarrian, baina talde polita zela eta Munitibarren feminismoaren presentzia egotea oso beharrezkoa zela ikusirik, bestelako ekintza batzuk antolatzeari ekin genion, data horiekin guztiz zuzenki erlazionaturik ez zeudenak”. Hilabete bakoitzaren azken barikuetan elkartzen dira herriko emakumeak, eta edonor ondo etorria da, “ekarpenak, proposamenak edota presentzia” partekatzeko.
Domekan, emakumeen bertso bazkaria egingo dute; besteak beste, Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra ariko da bertsotan
Hori horrela, “barne antolakuntzatik abiaturik” herriko denetariko emakumeengana iritsita, lortu dute beren jomuga nagusia: Agenda Morea kulturak eta aldarrikapen sozialak bat egiten duten bidegurutzea izatea. Domekan (azaroak 10), egitarauak gailurretako bat harrapatuko du: emakumeen bertso bazkaria. Herriko tabernan egingo dute, eta hiru partaide ariko dira bertsotan: Maite Sarasola Isazelaia bilbotarra, Enare Muniategi Etxabe arteagarra eta herriko bertsolari Lurdes Ondaro Mallea. Azaroaren 25ean, aldarrikapenari helduko diote, urteroko elkarretaratzeagaz; herriko plazan izango da, 19:00retan. Hori bai, bateratze hori aste horretako barikuan, hilaren 29an, errepikatu egingo dute: “Elkarretaratze hiru bidegurutzean izango da, 20:105ean, eta jarraian gaztetxeak Lorea Zulaika Ziortza-Bolibarko musikariaren kontzertua hartuko du”. Zulaikak bere ahotsa eta gitarra edukiko ditu lagun emanaldian.
‘Ztandap’ ikuskizunak generoaren langaia umorearen ikuspuntutik onduko du, abenduaren 13an
Abenduaren 13an, aldiz, generoaren auziari umoretik eragingo diote: Mirari Martiarenaren eta Idoia Torrealdairen ZtandaP antzezlana herriro bueltatuko da; 19:00retan hasiko da, udaletxeko areto nagusian. Artista bi horiek aurretiaz ere Munitibarren egonak dira, beste obra batzuk taularatzeko: “Aurretik aurkezturikoak begi oso onez hartu izan dituzte munitibartarrek eta, beraz, azken sorkuntza horretarako aurreikuspenak oso baikorrak dira”.
Udazkeneko agendari buruz.
Agenda Morea eta Udazkeneko Agenda “modu bateratuan” diharduten egitarauak dira: “Eragile eta batzorde desberdinen artean kartel bateratua sortzea da helburua, urtaroka proposamen egituratua eratzeko. Besteak beste, Txopitturri Guraso Elkarteak, jubilatuen elkarteak zein udalak antolatuta datoz ekimenak, baina kartel bakarrean barnebilduta, komunikazioan eta hedapenean trabarik egon ez dadin”. Bateratze hori, hain zuzen, “ezinbestekoa” dela azpimarratu dute: “Elkarlana eta informazio transmisioa errazten du, datak ez dira zapaltzen, ez dira antzeko ekintzak prestatzen eta eragile arteko batasun sustatzen du”.
‘Smile umeentzako magia ikuskizunak abiatu zuen, hilaren 1ean, Udazkeneko Agenda
Hilaren 1ean, Smile umeentzako magia ikuskizunak abiatu zuen aurtengo Udazkeneko Agenda, Txopitturri Guraso Elkarteak antolatuta. Aurrerantzean, besteren artean, zeinu hizkuntza tailerra, Dorleta Kortazar ipuin kontalaria (azaroak 10), Patxi Zubizarretaren Sakonean itsasoa ikusten da obra jorratuko duen irakurle txokoa eta esku pilota jaialdi profesionala (azaroak 22), San Tomas eguneko ospakizunak (abenduak 21) edota Olentzeroren eta Mari Domingiren Gabonetako etorrera (abenduak 24) edukiko dituzte herritarrek.
UDAZKENEKO AGENDA
- Azaroak 8, barikua.
Zeinu hizkuntza tailerra (17:00ak-19:00ak artean, udal aretoan). - Azaroak 9, zapatua.
Dorleta Kortazar ipuin kontalaria (18:00retan, udal aretoan).
*Umeentzako ekintza - Azaroak 10, domeka.
Emakumeen bertso bazkaria (15:00etan, Lea-Tabernan).
*Ekitaldi ez mistoa. - Azaroak 22, barikua.
Irakurketa txokoa: Patxi Zubizarretaren Sakonean itsasoa ikusten da (19:00retan, udal aretoan).
Pilota jaialdi profesionala, frontoian (21:30ean). - Azaroak 25, astelehena, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna.
Elkarretaratzea (19:00retan, herriko plazan). - Azaroak 29, barikua.
Elkarretaratzea (20:15ean, bidegurutzean).
Lorea Zulaikaren kontzertua (20:30ean, gaztetxean). - Abenduak 13, barikua.
ZtandaP binakako bakarrizketa (19:00retan, auditorioan).
*Gazte eta helduentzako ekintza. - Abenduak 21, zapatua.
San Tomas eguna. - Abenduak 24, martitzena.
Olentzeroren eta Mari Domingiren ailegaera. - Urtarrilak 24-26.
San Bizente jaiak.