Ekintzaileentzako bi lokal ipini ditu eskuragarri Markina-Xemeingo Udalak
Bi lokalak Okerra kalean daude. Lokal baten erakusleihoa Leyla Ortizek apaindu du, eta bestea, Asier Sotak.
Markina-Xemeingo Udalak, Leartibai Fundazioak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak herriko bi lokal ipini dituzte herriko ekintzaileen eskuetara, Markina-Xemein Zabalik ekimenaren barruan. Azaldu dutenez, jarduera gabe dauden herriko lokal hutsei erabilera emateagaz batera, ekintzailetza bultzatu eta herriko kaleak apaitzea dira dituzten helburuak.
Hala, gaur gaurkoz, eskuragarri ipini dituzten bi lokalen erakusleihoak apaindu dituzte. Lehenengoa Okerra kalean dago: “Lirain denda egon zen lokala da, Mateo tabernaren ondoan”. Bertan, Leyla Ortiz Gregorianok egindako lana ipini dute ikusgai. Bigarren lokala ere, Okerra kalean dago. Azaldu dutenez, Miren Lore ileapaindegia zegoen lokala da eskuragarri ipini dutena, Asier Sota Jaimerenak egindako lanagaz.
Interesa eduki ezkero edo informazio gehiago behar izanez gero, udalarekin harremanetan ipintzeko eskatu dute.