Gizonei bideratutako ikastaroak eskainiko dituzte Etxelilan
'Indarkeria matxista: Identifikatzen al dugu gizonok?' ikastaroa izango da lehenengoa, eta azaroaren 12an burutuko da, 17:00etatik 20:00etara.
Gizonak eta feminismoa deritzon ikastaro zikloa abiatuko du Ondarroako Etxelilak, maskulinitateari buruzko gogoeta kritikoa sustatzeko helburuagaz. Guztira lau ikastaro eskainiko dira, Asier Arizkorreta Hurtado Emagin Elkarteko kidearen gidaritzapean, eta bakoitzean gai zehatz bat landuko da, “hausnarketak, iritziak et esperientziak elkar trukatzeko”. Ikastaro bakoitza independentea izango da, beraz, ez da beharrezkoa izango guztietan izena ematea, eta bakoitzaren matrikularen prezioa bost eurokoa izango da. Saio guztiak martitzenetan izango dira, 17:00etatik 20:00etara.
Azaroaren 12an [martitzena] emango diote hasiera, lehen ikastaroagaz: Indarkeria matxista: Identifikatzen al dugu gizonok?. Helburua, gizonak indarkeria matxista mota desberdinei buruz sentsibilizatzea izango da, agerikoenetatik sotilenetaraino. “Gizonek jokabide horiek identifikatu, prebenitu eta desagerrarazteko duten rolari buruz hausnatzea” izango da saioaren xedea.
Aitatasun aktiboak eta arduratsuak ikastaroa izango da bigarrena, urtarrilaren 14an [martitzena]. “Gurasoek hazkuntzan modu aktibo eta ekitatiboan nola parte hartu dezaketen aztertuko da, lana eta familia orekatuko dituen eta seme-alaben garapen integrala erraztuko duen aitatasun kontziente bat sustatuta”.
Hirugarren saioa martxoaren 11an [martitzena] egingo da, eta maskulinitatearen eta sexualitatearen arteko harremana izango dute hizpide parte hartzaileek. Gizontasuna eta sexualitatea: zerk egiten nau hetero? ikastaroan heterosexualitatea zalantzan jartzea izango da asmoa. “Heterosexualitatea arau gisa definitzen duten arau sozialak zalatzan jarri eta arau horiek gizonen identitatean eta sexu-portaeran nola eragiten duten aztertzeko”.
Eraso matxistak eta hauen kudeaketa: zein da gizonon erantzunkizuna? saioa izango da azkenengoa, eta maiatzaren 13an [martitzena] burutuko da. Gizonek eraso matxistak aitortu eta horien aurrean jarduteko duten erantzunkizuna izango du ardatz ikastaroak, “aliatuen ikuspegitik, modu eraginkorrean esku hartzeko eta pertsona guztientzako ingurune seguruago batean laguntzeko lan eginez”.