Metabolismo demografikoa eta etxebizitzaren beharra aztertu dituzte Aulestin
Hainbat arlotan azterketak egin ondoren, azaroaren 8an [barikua] aurkeztuko dituzte emaitzak, 18:30ean, Aulestiko udal aretoan.
Aulestiko Udalak aurrean duen erronka nagusienetako bat demografiari dagokiona da, besteak beste, herriko gazteak Aulestin errotzearena, eta honekin lotuta, etxebizitzaren gaia. Honen guztiaren inguruko informazio zehatza biltzeko helburuagaz, Aulestiko metabolismo demografikoaren prospektiba eta etxebizitzaren beharraren diagnostikoa egiteko eskatu zion udalak Gislan kooperatibari. Arlo desberdinetako azterketak egin ostean, azaroaren 8an [barikua] aurkeztuko dituzte ateratako ondorioak, 18:30ean, udal aretoan.
Egindako azterketak azaleratu dituen datuak “kezkagarriak” direla adierazi du Aulestiko Udalak: “Azken hamarkadan biztanleriaren bilakaera gorabeheratsua izan da, baina biztanleria galtzeko joera mantendu egin da; 2008an 663 biztanle, eta 2024an 643. Horrez gain, adin egiturari dagokionez 65 urtetik gorako pertsonak eta 50-64 urte arteko pertsonak dira udalerriko belaunaldi nagusiak: %28,3 eta %22,7 dira, hurrenez hurren. 20-34 urte bitarteko pertsonak %12,4 besterik ez dira”. 2010etik 2023ra bitartean 54 pertsonako migrazio saldo negatiboa izan du Aulestik. Ondorioz, nahiz eta azken urteetan udalerriak izandako migrazio dinamikak mantendu, hurrengo 15 urteetan %11,8 inguru murriztea aurreikusten da, zehazki, 70 pertsona.
Bizikidetza unitateari dagokionez, datuen arabera, 2010-2024 urteen artean bizikidetza-unitateak 267 izatetik 249 izatera pasatu dira, “%67ko beherakada”, hain zuzen. Zifra hauek kontuan hartuta, hurrengo 15 urteetan Aulestiko bizikidetza-unitateak %10 inguru murriztuko dira, datuen arabera. “249 bizikidetza-unitate izatetik 224 izatera pasako da, hau da, 25 gutxiago”. Horrez gain, Aulestiko gazteen artean, 18-34 urte bitarteko 93 gaztetik %12,9 besterik ez dago emantzipatuta, “datu hau oso bajua da Bizkaiko ratioarekin (%32,7) alderatuta”.
Udalerriko etxebizitza parkeari dagokionez, %10,2 hazi da 2010etik 2022ra bitartean. Baina, gaur egun, herrian dauden 389 etxebizitzetatik 134 etxebizitza, huts bezala sailkatu dira, “149/2021 dekretuko irizpidearen arabera %34,4“.
Aulestiko Udalak udalerrian etxebizitza beharraren problematika modu kualitatiboan aztertu behar dela dio, “biztanleria gaztea errotzeko, bizikidetza eredu barriei erantzuna emateko, edota biztanleria erakartzeko zelako etxebizitzak behar diren identifikatzea da gakoa; eta horren baitan, egungo etxebizitza parkea barritzea eta egokitzea”. Aipatutako guztia sakontasunean azalduko dute barikuan, eta horrez gain, galdetegi bat jasoko dute etxean biztanleek, “etxebizitza premiaren inguruko datuak batzeko”. Galdetegia betetzeko epea azaroaren 18an [astelehena] amaituko da.