Barikuan hasiko da VIII. Loratu Mutriku bonu kanpaina
Turismo bulegoan eskuratu daitezke bonuak, goizez zein arratsaldez. Kanpainak bi asteko iraupena izango du: azaroaren 24an amaituko da.
Mutrikuko Udalak herriko aktibitate komertziala suspertu eta herriko familien ekonomian laguntzeko asmoz, VIII. Loratu Mutriku bonu kanpaina ipiniko du martxan bihar [azaroak 8]. Bi astez egongo da martxan kanpaina, azaroaren 24ra bitarte.
Hala, udazkeneko kanpainarekin 60.000 euro mugituko dira herriko merkatari eta ostalarien artean, eta herriko familien erosteko ahalmena 18.000 eurorekin diruz lagunduko du udalak. Aurreko aldietan bezala, aurtengoa ere “herriko merkataritza txikiarentzako oso dinamizatzailea izango da ekimena”, adierazi dute. Izan ere, halaxe izan dira aurreko kanpainak ere: “2020ko udazkenean antolatu genuen lehenengoz, eta herriko hainbat sektoreen aktibitatean inpaktu baikorra izan zuen. Herritarrengan ere, oihartzun zabala izan zuen, eta askok eskertu zuten ekimena aurrera eraman izana”.
Hori horrela, aurtengo bigarren kanpaina da hastear dagoena. Udalak azaldu duenez, 20.000 eurorekin guztira 1.200 bonu finantzatuko ditu; bonu sorta bakoitza 50 eurokoa izango da, eta frakzionatuta egongo da: 10 euroko hiru frakzio, eta 5 euroko lau frakzio. Bonu hori herritarrek 35 euroren truke erosi ahalko dute; bonuaren kostuaren %30 (15 euro) udalak finantzatuko du, eta %70 (35 euro), herritarrek. Gaineratu dutenez, bonuekin erosterako orduan zenbatekoa bonu frakzioaren kopuru bera edo handiagoa izan beharko da; handiagoa denetan, falta dena diruz ordaindu beharko da.
Era berean, bonuak erosteko nahitaezkoa izango da Mutrikun erroldatuta egotea. Sei urtetik gorako herritar bakoitzak bonu sorta bat erosi ahalko du. Bihar [azaroak 8] ipiniko dituzte bonuak salgai, turismo bulegoan. Martitzenetik eguenera 10:00etatik 14:00etara egoten da zabalik; bariku eta zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Bonua erosteko nortasun agiria erakutsi beharko da, eta aukera dago lagun edo familiako kideenak erosteko, euren nortasun agiriaren kopia erakutsita. Hala ere, erosketa bakoitzetan gehienez bi bonu erosi ahalko dira batera. Era berean, bonuak banku txartelagaz erosi beharko dira: “Ezinezkoa den kasuetan bakarrik onartuko da esku dirua”.
Bi astez egongo da martxan kanpaina. Bitarte horrtean, herritarrek 40 establezimendutan erabili ahalko dituzte bonuak. Udalak bereziki nabarmendu eta eskertu nahi izan du herriko establezimenduen esfortzua: “Eurek ez dute etekin zuzenik ateratzen, baina bonotan jasotako diru kopuru guztia aurreratu egiten dute”.
Honakoak dira kanpainara atxikitutako establezimenduak: Alazne Optika, Albaro denda, Alboka okindegi eta kafetegia, Aldana Burdindegia, Alday Klinika, Ametza Taberna, Ansorregi Oinetakoak, Apain Estetika Zentroa, Aparra arropa denda, Apartak ileapaindegia, Arrizabalaga harategia, Bare Bare Taberna, Bigara fruta denda, Buceo Euskadi, Dilaitz barne diseinua, Dotore Orraztegia, Ekoamalur ekodenda, Garaia arropa denda, Gotzon arrandegia, Iparraguirre Altzariak, Iratxe lorak, Iratxe masajeak, Iripe elektradenda, Islada fisioterapia, Itxasne Frutategia, Joseba Elezgarai masaje eta osteopatia, Josune Ileapaindegia, KABE etxe(ra)ko jatekoa, Kalbaixo Jatetxea, Lasuen Elezgarai botika, Lekube burdindegia, Lon Apraiz botika, Madariaga paperdenda, Maider Pinto estetika , Maneiro Lentzeria, Olaizola arropa denda, Potero denda, Sabina denda, Tximak ileapaindegia eta Ziortza Ileapaindegia.