Haurdunaldiko eta erditze osteko doluan, argi izpi bat
Lucia Conzi markina-xemeindarrak esperientzia pertsonal batetik abiatuta hainbat formakuntza jaso ditu hardunaldiko eta erditze osteko doluan daudenei laguntza eskaintzeko. Egoera berean daudenekin edo egon direnekin elkartu, eta hilero ordu eta erdiko saio bat eskainiko du Markina-Xemeinen.
Haurdunaldiak poztasuna ekartzen duen bezala ekartzen du batzuentzat mina ere. Mina, haurdunaldian edo ostean umea galdu izanagatik, edo baita haurdun ezin egonagatik ere. Bide horretan laguntza eskatzea askotan ez da izaten erraza, baina badaude tartean, argi izpi bat ikusarazten laguntzen dutenak ere; horietako bat da Lucia Conzi markina-xemeindarra.
Esperientzia pertsonal batetik abiatuta, doula izateko formakuntza jaso zuen Conzik, eta erizain laguntzailea ere bada. Gai horren inguruan “hutsunea” ikusten duela dio: “Dolu perinatala edo dolu gestazional gertatzen denean jendeak ez daki nora joan ezta zer egin ere. Gainera, osasun publikoak ez du zerbitzua eskaintzen eurek egoera ‘oso traumatikoa’ ez badute kontsideratzen, eta nik horri erantzun nahi diot. Ikusarazi egin behar da hau gizartean gertatu egiten dela”.
Hurrengo saioa martitzenean [azaroak 12] izango da; parte hartzeko 630 25 76 53 telefonora deitu edo idatzi behar da.
Hori horrela, herritarrei laguntza eskaini nahi die Conzik, eta haurdunaldiko eta erditze osteko doluan laguntzeko taldea sortu gura du. Saioak hilero izango diren arren, argi utzi nahi izan du ez dagoela zertan saio guztietara joan; bakoitzaren behar eta nahien araberakoa izango da. Hala, parte hartzeko 15 euroko ordainketa bakarra egin beharko da, eta 630 25 76 53 telefonora deitu; hurrengo saioa azaroaren 12an izango da, 17:30etik 19:00etara.
Norbere doluagaz laguntzen. Conzik “gertatzen den baina esaten ez den errealitate bat” mahaigaineratu nahi du: “Ikusten dut ahultasun puntu bat daukagula ondo ez doana erakusteko. Eta heltzen ez diren haurdunaldiak gertatzen diren zerbait dira. Antzeko esperientziak izan dituztenak ezagutu, eta elkarrekin babestuta sentitzea da helburua, bakarrik ez zaudela sentitzea”.
Hori horrela, lehenengo pausua doluari hitzak ipintzea dela dio: “Espazio honetan aukera egongo da bakoitzak bere dolua garatzeko. Elkarbanatzeak osatzen laguntzen du, eraldatzailea da. Halako gertaerak gordetzea ez da ona”. Gaineratu duenez, saioetara joateko galerak ez du zertan gertatu berria izan: “Ez dio axola duela 20 urteko kontua bada ere. Oso garrantzitsua da noizbait besteekin esperientzia hori elkarbanatzea. Aberasgarria eta sendatzailea izango da”.