'Ondarrutarrak' argazki erakusketaren bigarren bilduma ikusgai, Ondarroako Erakusketa Aretoan
Juan Fernandez Egigurenen 'Ondarrutarrak' erakusketaren bigarren bilduma ikusgai dago Ondarroako Erakusketa Aretoan, domekara [azaroak 10] arte.
Beti izan du buruan bueltaka Juan Fernandez Egiguren argazkilariak Ondarroako herriari zerbait eskaini beharraren ideia, eta horri tiraka, sortu zuen Ondarrutarrak argazki erakusketa. 2023ko urrian jarri zuen erakusketako lehenengo bilduma Ondarroako Erakusketa Aretoan, eta aurten, bigarrenaren txanda izan da. Argazki erakusketa ikusgai egongo da domekara [azaroak 10] arte; astelehenetik domekara bitartean 18:00etatik 20:30era, eta zapatu eta domekan 11:00etatik 13:30era.
“2020an hasi nintzen proiektu honekin, eta pandemia heldu zen. Etxe kartzelan egon ginen sasoi hartan, sormena lantzen duten ondarrutarren zerrenda pertsonal eta subjektibo bat sortzen hasi nintzen, eta sekulako zerrenda osatu nuen”. Zerrenda horretatik 33 ondarrutar aukeratu zituen lehenengo erakusketarako, eta beste 33, bigarrenerako”izen zerrenda luzea ikusita, bigarren bilduma egin behar nuela konturatu nintzen”, aipatu du argazkilariak. Nahiz era bi bildumen antzekotasuna nabaria den, lehenengoan “ondarrutar ezagunagoak” ageri zirela adierazi du Fernandezek, bigarrenean ordea “kaleko herritarrak” gehiago nagusitu dira: “Bigarren erakusketa hau herrikoiagoa izan da, eta herritarrak gehiago hunkitu ditu. Xarma berezia izan duela esan daiteke”.
Zuri-beltzezko argazkiak dira erakusketak zintzilikatuta daudenak, eta hiru faktore elkartu ditu Fernandezek argazkiaren konposizioa egiteko orduan: ondarrutar bat, berarekin zerikusia daukan tresna bat eta herriko leku bat. “Toki klasikoetatik aldendu nahi izan dut bi bildumetan, gehiegi ikusita daudenetatik, hain zuzen. Esaterako, Zubi Zaharra edo Calatrava. Beste zerbait aurkitzen saiatu naiz. Ez gara konturatzen, baina Ondarroak izkin asko ditu, xarma berezia daukatenak. Esaterako, portuan, 10 metroko tarte txiki batean, xarmaz beteriko izkin asko aurkitu daitezke. Ez gara konturatzen eguneroktoasunean, baina hor daude”. Horrez gain, pertsona bakoitzaren aldamenean beragaz zerikusia daukan tresna bat jarri du.
Berezitasun handiko argazkiak dira honakoak, izan ere, erabiltzen duen kamera ere desberdina baita: “1905 inguruko kamera da, eta fotograma batek 4×5 hazbete neurtzen ditu. Ez dut formatu estandarra erabiltzen, formatu handia baizik. Garestia da eta argazki gutxi atera ditzazket honegaz, eta zailtasunak ditu, jakina, buruz behera ikusten baita aurrean dagoena. Beraz, ondo kontrolatu behar da argazkia atera aurretik”.
Erakusketak herrian izan duen harrerarekin “pozik” agertu da Juan Fernandez: “Jendearen erantzuna oso ona izan da, bai lehenengo bilduman, eta baita bigarrenean ere. Esango nuke, bigarren honetan jende gehiago ibili dela aurrera eta atzera. Oso pozik nago horrekin”. Argazkilariak zehaztu du ez dela hirugarren bildumarik egongo: “Jakin egin behar da proiektuei amaiera ematen, beraz, ez da hirugarren ediziorik egongo. Luzatu ahala xarma galtzeko arriskua dago, eta ez dut hori gertatzerik nahi. Herritarrei gustatu zaie egindako lana, eta horrekin geratzen naiz”.