"Taldearen historia berreskuratzeko bidea izan da"
40 urte igaro dira sorreratik, eta 35 urte ibilbideari amaiera eman ziotenetik. 80ko hamarkada erdialdean sortu zen taldea, eta oraingoan, binilo bikoitzeko ‘Tuka esaten da’ lanagaz datoz. Iraganeko garaietatik hartu, eta berrietara egokitzeko asmoagaz, bueltan da TU-K taldea.
Bi lagunen arteko adiskidetasunaren isla. Horrela definitzen dute Txomin Uribe (gitarra, ahotsa eta programazioa) eta Josu Aranbarrik (baxua eta ahotsa) TU-K taldea. Izan ere, Ondarroako Institutuan elkartu ziren Uribe eta Aranbarri, 1984. urtean. Nina Hangen Smack Jack singlea aitzaki, musikaren inguruan hizketan hasi, eta ordura arte bakoitzak propioki eraikitako ibilbidea batzeko aukera ikusi zuten, finean, txikitatik amesten zuten bidea hasteko abiapuntua izan zen elkarrizketa hura. Segituan batu zitzaizkien Ander Ibarloza (tronpeta), Bernar Ituarte (gitarra) eta Justo Urkiri (Teklatua). Hamahiru abestiko bilduma daukate esku artean, eta horietatik hiru, duela 40 urte sortutakoak izan arren, berreskuratu, eta orain grabatu dituzte.
35 urteren ostean, bueltan da TU-K taldea. Zergatik?
Txomin Uribe: Ez da bat-bateko erabakia izan, gutxinaka joan gara garatzen. Aspaldi hasi ginen gure artean hitz egiten, bi maketa geneuzkan baina ezer ez zegoen digitalizatuta, eta pena ematen zigun egindako ibilbidearen ostean, TU-K inon ez existitzea. Beraz, horri tiraka, ideia ona iruditu zitzaigun inoiz argitaratu gabeko abestiak grabatzea. Pausoz pauso hasi ginen: materiala bildu, abestiak berreskuratu, argazkiak eta bideoak batu… Lan handia izan da, baina merezi zuela erabaki, eta zoratuta gaudenez, aurrera eraman dugu buruan geneukan ideia.
Josu Aranbarri: Taldearen erregistro bat egongo zela bermatu nahi genuen. Euskal Herrian 80ko hamarkadan ez zeukan leku askorik guk egiten genuen musikak, euskal musika entzuten zutenek ez zuten gustuko, eta gure musika entzuten zutenei ez zitzaien gustatzen euskal musika, beraz, lekuz kanpoko zerbait zen. Gainera, abesti batzuen hitzak Kirmen Uriberenak ziren, Txominen anaiarenak, bere lehenengo lanak izango dira segur aski. Faktore desberdinak tarteko, prozesuari hasiera ematea erabaki genuen.
Nola definituko zenukete TU-K taldea?
T.U: Talde oso berezi bat da, musikala eta estetikoa, aldi berean. Gaur egun, Euskal Herrian gazteen artean entzun daiteke guk garai hartan egiten genuen musika estiloa, baina 80ko hamarkadan talde gutxik erabiltzen zuen kaxa bat, eta musika iluna ez zen asko entzuten.
J.A: Presa eta urgentzia handiarekin sortutako gazte batzuen erantzuna da, gorputzak eskatzen zigunari erantzuteko modu bat. Musika, hitzak, irudiak eta jarrera. Hori zen TU-K. Jarrera estetiko argi bat. Ez genuen nahi mundu guztiak egiten zuena errepikatu, eta dena kontran eduki arren, gure bidea egin genuen. Gazteleraz edo ingelesez abestuz gero, ibilbide oparoagoa izango genuela esaten ziguten batzuek, Euskal Herrian ez baitzen horrelako musika estilorik entzuten. Baina gu, euskaraz bizi ginen, eta bizi gara, eta argi geneukan hortik egin behar genuela.
Noiz hasi zineten «berreskurapen» lan honekin? Eta, nolakoa izan da prozesua?
T.U: Orain dela urtebete inguru hasi ginen guzti honekin, gutxi gorabehera. Materialaren zati handi bat etxean geneukan, baina arazoa ez zen izan materiala bilatzea, material hori berreskuratzea baizik. Betamax formatuan geneukan, eta gaur egun, ez da erraza formatu digitalera pasatzea. Bagenekien konplexutasun handia izango zuela, baina lortu dugu, eta nahiz eta lan handia izan duen atzetik, merezi izan du. Oso polita ari da izaten berreskurapen prozesua.
Presa eta urgentzia handiarekin sortutako gazte batzuen erantzuna da, gorputzak eskatzen zigunari erantzuteko modu bat.
Sasoi hartan, bi maketa grabatu zenituzten. Lehenengoa, Existentzia, 1987an, eta bigarrena, Beltza, 1989an. Oraingoan, guztia barnebiltzen duen lan berria argitaratu duzue: Tuka esaten da.
J.A: Irudi, abesti eta bideoak berreskuratu ondoren, abesti guztiak bermasterizatu eta binilo bikoitzean batu ditugu. Horrez gain, orain arte grabatu gabe genituen hiru abesti gehitu dizkiogu, 2023an Jose Lastraren Tio Pete estudioan grabatu genituenak. Hamahiru abesti barnebiltzen ditu bildumak, eta horietatik hiru, duela 40 urte sortutakoak izan arren, inoiz grabatu gabeko abestiak dira. Kantu zaharren grabaketa berriak egin ditugu. Abesti bakoitza mundu bat da, eta taldearen une desberdinak bistaratzen dituzte. Plaiko hatxetan abestiak TU-K-ren hasierak islatzen ditu, Argi gorrizko faroak, musika estilo aldetik, finkatu ginen momentua adierazten du, eta azkenik, Zeharka abestian ikusi daiteke beste bide batzuk hartzen hasiak ginela, etorkizun hurbilean etorriko zenaren isla baita. Hortik gutxira sortu genuen Piztiak taldea.
T.U: Lanaren izenari dagokionez, inork sekula ez du jakin izan TU-K ondo esaten, eta horregatik izendatu dugu horrela binilo hau: Tuka esaten da. Bonboaren eta kaxaren arteko konbinaziotik dator izena: Tu-tu-tu-tu-tu-k.
Behin lana berreskuratuta, zein da zuen asmoa hemendik aurrera?
T.U: Lan guztia egin ondoren, zuzenekoak jotzea merezi duela uste dugu. Prestatzen gabiltza, eta lotu ditugu batzuk. Izan ere, abenduaren 8an joko dugu lehenengoa, Durangon. Markina-Xemeinen abenduaren 14an izango dugu hitzordua, eta Mutrikun, urtarrilean. Erratzu, Bilbo eta Pasaian ere eskainiko ditugu zuzenekoak. Egia esan, Ondarroan jotzea ere gustatuko litzaiguke.
J.A: Beti izan ditugu gogoko zuzenekoak, eta orain, kontzertuetan gozatzea da gure helburua. Markel Uribe egongo da gurekin zuzenekoetan, 21 urteko gaztea da, eta piloa ikasi dugu beragandik.
Bonboaren eta kaxaren arteko konbinaziotik dator izena: Tu-tu-tu-tu-tu-k.
Zer suposatu du zuentzako «itzulera» honek?
J.A: Txikitatik neukan amets baten hasiera izan zen TU-K; 24 ordu pasatzen genituen abestiak sortzen. Hori zen gure mundua, ez zegoen bestetik. Beraz, hunkigarria izan da Josu gaztearekin berriro konektatzea, baina modu melankoliko batetik baino, aurrera begirako norabidean egin dugu prozesua. Zuzenekoetan transmititu nahi duguna ere hori da; ez dugu lehengoa egin nahi. Iraganeko garaietatik hartu eta berrietara egokitu nahi dugu. Egindakoari bere balioa ematea garrantzitsua izan da, eta denboraren perspektibarekin konturatu gara nolako lana egin genuen sasoi hartan, eta nolako ausartak izan ginen.
T.U: Lehengo garaiak bueltatu dira, bat-batean. Gure bizitzen zati handi bat izan da TU-K, eta oso polita izan da prozesua, taldearen historia berreskuratzeko bidea izan da. Pozik gaude egindakoagaz.