Euskara sustatzeko plan estrategikoa osatzen ari dira Mendexan
Parte hartze saioak azaroaren 22an [barikua] eta abenduaren 6an [barikua] izango dira, 17:00etatik 18:00era, Mendexako Udaletxean.
Herrian euskara sustatzeko plan estrategikoa martxan jarri du Mendexako Udalak, UEMArekin elkarlanean. Azken urteetako datu ofizialen arabera, %83.2ak dakite euskaraz herrian, eta nahiz eta hizkuntza nagusia izaten jarraitzen duen, kaleko eta etxeko erabileran nabarmen jaitsi da 2017tik 2021eko datuetara. “Euskeraren erabilera jaitsi egin da azken urteetan Mendexan, eta horri buelta emateko helburuagaz jarri dugu plana martxan. Horrez gain, momentu ona dela iruditu zaigu, izan ere, Eukara Taldea sortu berri da herrian, eta laster, euskara eguna ere badator”.
Euskaraz hitz egiteko aukerak zabaltzea eta bultzatzea erakundeen zer egina dela aipatu du Mendexako Udalak, eta baita, horretarako eragile zein herritarrei erraztasunak ematea: “Hori da Mendexako Udalaren konpromisoa. Hain justu, bide horretan sakontzeko eta aurrean dauzkagun erronkei egoki erantzuteko, plangintza bat osatzeko asmoa du udalak, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean”.
Hamar urtera begirako plana da honakoa, eta plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatzea izango da lehenengo pausoa. Honetarako, bi saio ireki egingo dira eragile eta herritarrekin Udaletxean, azaroaren 22an [barikua] eta abenduaren 6an [barikua], 17:00etatik 18:30era: “Lehenengo galdetegi bat zabaldu dugu, egoeraren diagnostikoa egiteko, eta herritarren ekarpenak jasotzeko. Ondoren, bi saio burutuko ditugu, gure indarrak eta ahulguneak idenifikatu, eta denon artean egitasmo errealak planteatuko ditugu, 10 urte barruko Mendexa irudikatu, eta egoera horretara heltzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko”.
Mendexako Udalak saioetara bertaratzeko deia egin die herritarrei, euskaraz bizitzen jarraitzeko herritar guztien parte hartzea beharrezkoa dela azpimarratuz: “Parte hartze saioetara herritarrak etortzea garrantzitsua da, denon artean egin beharreko lana baita. Galdetegian ateratakoa aztertu eta baloratuko dugu, eta gero, UEMAko kideek egungo euskararen egoera eta analisiaren berri emango digute”. Behin saioak egin ondoren, plana egiten hastea da helburua: “Parte hartze saioetan adostuko dira dinamikaren nondik norakoak, eta bertatik aterako ditugu plana aurrera eramateko proposamenak”.
Euskararen eguna. Euskararen Egunaren [abenduak 3] harira asteburuko egitaraua antolatu du Mendexako Udalak azaroaren 30ean [zapatuan] eta abenduaren 1ean [domeka]. Zapatuan [azaroak 30] bertso bazkaria egingo dute Mendexako Leagi kanpinean, 15:00etan, eta Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan. Sarrerak Mendexako Udalean eta Leagi kanpinean daude salgai, 30 euroren truke, azaroaren 23ra [zapatua] arte. Domekan [abenduak 1] 11:30ean emango diote hasiera egunari, talo tailerrarekin, Goialde Jubilatu Elkartearen eskutik, eta ondoren, Zuresku egurrezko jolas tradizionalekin jolasteko aukera egongo da.