Inor gutxiesterik ez
Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek osatutako bikoteak 2 eta 0 menperatu du Xabier Barandikak eta Imanol Lopezek eratutakoa, Eusko Label Winter Series txapelketa irabazteko bikote faboritoetako bat.
Goi mailako kirolean, ez dago arerio txikirik; aurkari errazaren irudia fikzio hutsa da. Hori argi eta garbi geratu zen atzo (azaroak 11), A multzoari zegokion Eusko Label Winter Series txapelketaren hirugarren ligaxka jardunaldian. Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Gorka Sorozabal miarriztarrak osatutako bikote gazteak 2 eta 0 menperatu zuen txapelketa irabazteko hautagai zen bikote nagusienetako bat, Xabier Barandika gernika-lumotarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak osatutakoa. Beldur barik, umiltasunez eta gogor lan eginez aritu ziren gazteak, eta merezimendu osoz irabazi zieten Jai Alai Ligaren Lauko Finalaren garaileei.
Beste behin, Jai Alai zesta-puntaren katedralak maila handiko partidua hartu zuen. Neurketako lehen tantoa etxeko puntistak eta Lopezek egin zuten, baina, hortik aurrera, Urreisti-Sorozabal bikotea gehiago izan zen uneoro, eta markagailua nagusitasun haren isla baino ez zen izan. Barandikak lanak eduki zituen sakeetan, bereziki distiratsu agertu zen mutrikuarraren aurrean. Hain zuzen ere, Urreistik erremate apartak borobildu zituen 2 eta 1ekoan, 6 eta 3koan edota 12 eta 8koan; era berean, akats oso gutxi egin zituen bikote gorriak. Ziurtasun hark sari ederra eduki zuen: 15 eta 10eko markagailuagaz irabazi zuten lehendabiziko seta.
Bigarren setak lehenengoaren bide beretik egin zuen. Hori bai, tanto bitan Zalantzen Txokoa baliatu behar izan zuten. Lehenengo errepikapena gernika-lumotarrak eta zumaiarrak hala eskatuta iritsi zen, 4 eta 2koan, eta bigarrena, 7 eta 4koan, Urreistik eta Sorozabalek erreklamatuta; bietan ala bietan, epaileek eskatzaileei arrazoia eman zieten. Jokoari zegokionez, 8 eta 4koagaz aurreratu ziren Urreisti eta Sorozabal. Barandikak eta Lopezek, beraien aldetik, ez zuten une batean ere etsi, eta 13 eta 11ko markagailuraino hurreratzea lortu zuten. Nahi eta ezin. Partiduari martxa bat gehiago ipinita, 15 eta 11koagaz nagusitu ziren gazteak. Aipatzekoa izan zen Sorozabal atzelariak erakutsitako segurtasuna; Urreistik bigarren setean ere huts oso gutxi egin zituen. Ziurtasun eta maila hark ahalbidetu zien garaipena. Lopez ohiko mailan agertu arren, Barandikaren partidua ez zen azken norgehiagoketan erakutsitakoa bezainbesteko distiratsua izan: ez zuen sakeetan asmatu, eta piloteoan ere ezinean aritu zen.
Urreisti eta Sorozabal, indar eta teknika erakustaldiaren ondoren, A multzoko lidertzan daude; orain arteko partidu biak poltsikoratu egin dituzte, eta sailkapenean zazpi puntu dituzte (lehen jardunaldian, hiru; bigarrenean, lau). Barandikak eta Lopezek, ordea, ez dute punturik jaso beren estreinako partiduan. Laugarren jardunaldia hurrengo astelehenean (azaroak 18) lehiatuko dute. Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak Jean Dominique Olharan pauetarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrak edukiko dituzte aurrez aurre.
Eñaut Urreisti: “Partidua eta aurkarien jokoa ondo landuta kantxaratu gara, eta pilota motelak asko lagundu digu”
Partidua, “ondo landuta”.
Kantxatik irten eta segituan, Urreistik nabarmendu zuen “handia” dela txapelketako hautagai nagusietako bi menpean hartzea: “Ez genuen espero garaipena lortu ahalko genukeenik. Partidua eta aurkarien jokoa ondo landuta kantxaratu gara, eta pilota motelak asko lagundu digu. Barandikaren sakeak egokitasunez errematatzea “giltzarri” izan zela adierazi zuen mutrikuarrak, partiduaren gogortasuna apzimarratzeaz gain: “Material motelak partidu fisikoa izatea ekarri du; ez da batere erraza izan”.
Ligaxka jardunaldia orduko, harrobiaren txanda izan zen. Zumaiako zesta-punta eskolako umeek kinielak jokatu zituzten. Iragan astean, tolosar gaztetxoak izan ziren pilotalekuan, eta jardunaldiz jardunaldi Eraman Jai Alaiko antolatzaileek Euskal Herriko zesta-punta eskoletako kideei Jai Alai frontoian eta ikusleen aurrean jokatzeko aukera emango diote.