Literatur Astearen balorazio “positiboa” egin dute
Urriaren 30etik azaroaren 9ra bitartean ospatu dute askotariko kultur ekintzekin.
Azken urteetan Berriatuak Literatur Astea ospatu izan du udazkenenean, eta aurten errepikatu dute. Urriaren 30etik azaroaren 9ra egin dute eta hiru ekintza egin dituzte. Orokorrean, antolatzaileek egitasmoaren balorazio “positiboa” egin dute.
Urriaren 30ean poemen tailerragaz eman zioten hasiera; bost umek parte hartu zuten eta “gustora” geratu ziren. Berez, ipuin kontalari batek eman beharko zion jarraipena tailerrari, baina gaixotu eta bertan behera utzi behar izan zuten. Esperantza dute aurrerago egiteko.
Azaroaren 5ean herriko irakurketa klubak ikasturteko bere lehen saioa osatu zuen. Leire Ibarguren idazleagaz hitz egiteko aukera izan zuten eta emakume protagonistaren inguruan aritu ziren. Zapatuan [azaroak 9] herriko txikienek, eta ez hain txikiek, Munduari itzulia 80 egunetan antzezlanagaz gozatzeko aukera izan zuten bideo gelan. “Antzezle bakarra izan bazen ere txotxongiloekin denbora pasa ederra igaro genuen”, azaldu dute udaletik.
Ikasturtean bi aldiz antolatu ohi du kultura batzordeak Literatur Astea, udazkenean eta udaberrian. Hain zuzen ere, ipuin kontalaria martxo inguruan egingo duten ekintzetan sartzea dela azaldu dute. “Harrera ona izaten duten ekintzak izaten dira, herritarrak zain egoten dira, eta hori Berriatuan ekimen asko antolatzen direla”.