Euskara sustatzeko plan estrategikoa martxan jarri dute Gizaburuagan
Euskara sustatzeko plan estrategikoaren barnean, parte hartze saioak egin zituzten atzo [azaroak 13] Gizaburuagan. Herriaren indarguneak eta ahulguneak identifikatu, eta euskaraz bizitzen jarraitzeko ekintzen proposamenak bota zituzten.
Gizaburuagako Udalak, Uemarekin elkarlanean, herrian euskara sustatzeko plana abiarazi du. Hamar urtera begirako plana da honakoa, eta plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatu beharko dituzte, hamar urte barruko Gizaburuaga irudikatuz. .
Datu ofizialen arabera, %85ak daki euskaraz herrian, eta kaleko eta etxeko erabileran jaitsiera egon da 2017ko datuak erreparatuz. “Momentu honetan, Gizaburuaga, euskararen arnasgunea da, herrian euskaraz bizi gara eta hemendik 10 urtera ere euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugu. Horrenbestez, AROA, euskara sustatzeko plan estrategikoa, jarri dugu martxan, erabilera datuek berriz gora egin dezaten”.
Gizaburuagan euskara sustatzeko plan estrategikoari hasiera emateko lehen pausoak zehaztu zituzten: “Galdetegi bat zabaldu genuen lehenengo, egoeraren diagnostikoa egin, eta herritarren ekarpenak jasotzeko. Ondoren, bigarren pauso gisa, parte hartze saioa egin genuen atzo [azaroak 13], herritarrekin. Saio honetan herriaren indarguneak eta ahulguneak identifikatu genituen, eta euskaraz bizitzen jarraitzeko ekintzen proposamenak egin genituen, plana garatzen hasteko”.
Euskaraz egiteko aukerak zabaltzeko eta bultzatzeko, eta herritar eta eragileei erraztasunak emateko prest dago Gizaburuagako Udala: “Bide horretan sakondu eta aurrean ditugun erronkei egoki erantzuteko prest gaude. Azken urteotan izan ditugun aldaketei erreparatu, eta euskaraz egiteko aukerak zabaltzea eta bultzatzea da gure konpromisoa“.