Galiziar tradizioa jarraituz, gaztainen jaia egingo dute Ondarroan
Zapatuan [azaroak 16] eta domekan [azaroak 17] ospatuko dute jaia Itsasaurren. Gaztaina erreak eta Galiziako produktuak dastatzeko aukera egongo da Magosto Egunean.
Ondarroako Galiziar Etxeko kultura batzordeak gaztainen jaia ospatuko du asteburuan zehar, Magosto Eguna, hain zuzen. Bihar eta etzi egingo dute jaia Ondarroan, hirugarren aldiz. Antolatzaileek zehaztu dutenez, «Galizian familiak batzeko eta gaztaina erreak jateko eguna izan ohi da».
12:00etan hasiko dira gaztainak erretzen, eta galiziar kultura Euskal Herrira ekartzeko helburuagaz, Ondarroako Galiziar Etxeko Os Novos Mariñeiros gaita taldeak girotuko ditu Itsasaurre inguruak. «Galizian Magosto Eguna azaroaren 1ean ospatzen da. Iraganean, hildakoak omentzeko erabili ohi zuten egun hau, familia giroan gaztainak erre, eta joandakoak oroitzen zituzten, eta tradizio horri jarraipena ematen zaio gaur egun. Euskal Herrira, eta zehazki, Ondarroara gure ohitura eta tradizioak ekartzeko asmoagaz ospatzen dugu guk, gure herrikoa den zerbait hona ekartzeko», azaldu dute antolatzaileek.
Duela bi urte ospatu zuten lehen aldiz Ondarroan, eta erantzun «oso ona» izan zuenez, hirugarrenez egingo dute aurten. Gaztainez gain, Galiziako produktuak erosteko aukera ere egongo da.
23:00ak arte iraungo du jaiak, eta bitarte horretan, Queimada egingo dute. Gainera, «gogoekin ez gelditzeko», domekan errepikatuko dute aurreko eguneko egitaraua: Gaztaina erreak, galiziar produktuak eta gaita-joleak. «Asmoa, domekan ere 23:00ak arte egotea da, baina hori eguraldiaren eta jendearen arabera izango da».