Irrintziaren bueltan batuko dira bihar, Aulestin
Herrian irrintziarekiko zaletasuna sortzeko helburuagaz, lehenengo irrintzi topaketak antolatu dituzte Aulestin. Bihar [azaroak 15] izango dira topaketak, Udal Areto Nagusian, 17:00etan. Ondoren, 'Erraiak: arbasoen oihartzuna' dokumentala ikusteko aukera egongo da.
Irrintziari lekua eman eta herrian horrekiko zaletasuna sortzea helburu, lehenengo Irrintzi Topaketak antolatu ditu Aulestiko Udalak. Bihar izango dute hitzordua Udal Areto Nagusian, 17:00etan, eta antolatzaileek adierazi dutenez, hamalau lagunek izena eman dute.
Ordu erdiko saioa izango da biharkoa, eta Lore Zarragoikoetxea, Ainara Ituiño eta Nerea Agirre Aulestiko irrintzilariak izango dira irrintzia botatzeko teknika eta aholkuak emango dituztenak.
Irrintzi txapelketak urte askotako tradizioa izan du Aulestin; izan ere, urteroko Santa Eufemi jaietako hitzordu ukaezina da, eta horregatik, belaunaldi berriengana heltzeko saiakera egin nahi izan dute topaketa horiekin: “Urtero antolatzen dugu irrintzi txapelketa Santa Eufemi jaietan, baina beti pertsona berdinek parte hartzen dute. Beraz, topaketa hauekin herriko ume zein gazteengana heltzea ere bada helburua, eurengan irrintzi zaletasuna pizteko”.
Horrenbestez, aurrera begira topaketak mantentzea da asmoa, “irrintzi lehiaketan herritar gehiagok parte hartzeko”. Oraindik zehaztu gabe daukaten arren, irrintziari lekua ematen jarraituko dute Aulestin: “Herritarrek interesa adierazi dute, beraz, gure asmoa, honetarako tresnak eskaintzea da, bultzada eman, eta lotsak alde batera uzteko”.
Erraiak. Topaketen ondoren, Erraiak: arbasoen oihartzuna dokumentala proiektatuko dute Udal Areto Nagusian, 18:30an. Ekain Martinez de Lizarduyk zuzendutako dokumentala irrintziari buruz egin den lehen ikus-entzunezkoa da, eta irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa du oinarri. Euskara hutsean dago grabatuta, eta ordu eta erdi inguru irauten du. Euskal Herriko txoko ezberdinak zeharkatuz, XXI. mendean oraindik bizirik jarraitzen duen irrintzia ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek: “Kobazulotik datorkigun oihua da, entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza, erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna”. Dokumentaleko proiekziora nahi duten guztiak joan daitezke.