Markina-Xemein eta Senegalgo Thiakhar herria, bat eginda
Thiakharreko ordezkariak astelehenean [azaroak 11] heldu ziren Markina-Xemeinera, eta bertan egongo dira azaroaren 23ra arte. Zapatuan [azaroak 16] egingo dute ekitaldi nagusia.
Markina-Xemein eta Senegal milaka kilometrotara dauden arren, elkarren arteko harremanak saretzeko asmoz, ahaidetza jaialdia egingo dute zapatuan [azaroak 16] Markina-Xemeinen. Hain zuzen ere, Thiakhar herriarekin ahaidetuko dira; astelehenean [azaroak 11] heldu ziren Abdou Aziz Thiakharreko alkatea eta Soda Mama Fall, eta eskualdean egongo dira azaroaren 23ra arte.
Eskualdea ezagutzeaz gain, beste hainbat helburu ditu ahaidetza egitasmo honek: “Bertoko lehen sekorea hurbiletik ezagutu, prestakuntza zentroak bisitatzea eta herriko senegaldarrekin harremanak sendotzea dira helburuetako batzuk. Nekazal eremuetan, nekazal produktuen merkaturatzea eta emakumeen laneratzean jarriko da arreta bereziki”. Azaroaren 23ra arte egongo dira eskualdean Senegalgo ordezkariak, eta Markina-Xemeingo Udalaren eta Lea-Artibai Landagarapena Elkarteren eskutik ezagutuko dituzte eskualdeko nondik norako guztiak.
Ekitaldi nagusia, baina, zapatuan [azaroak 16] egingo dute, “Senegalgo eta Euskal Herriko kulturen arteko ahaidetzaren erakusgarri”. Hala, 10:30ean hasiko dute eguna, ahaidetza ekitaldiagaz. Ostean, kulturartekotasun jaialdiari ekingo diete, eta besteak beste, dantza eta kirol ikuskizunak egongo dira. Egunagaz amaitzeko, bazkaritarako elkartuko dira Lea-Artibai Ikastetxeko jantokian. Bazkarirako tiketak salgai daude udaletxeko kutxazainean, 5 euroren truke.