Santi Brouarden erailketaren 40. urteurrena gogoratuko dute Lekeition
'Burrukia derriorra da' lemapean elkartuko dira herriarrak: domekan [azaroak 17] ekitaldia egingo dute Santiren omenezko monolitoan, eta datorren eguaztenean [azaroak 20] lore eskaintza.
Azaroaren 20an 40 urte beteko dira GALek Santi Brouard Perez ezker abertzaleko militantea bere pediatrako kontsultan hil zuenetik. Lekeitiarren memorian bizi-bizirik jarraitzen du Brouardek, eta urteurrena gogoratzeko asmoz, bi egunetan elkartuko dira herritarrak.
Sorturen ekimenez, domekan [azaroak 17] ekitaldia egingo dute, eta datorren eguaztenean [azaroak 20], aldiz, lore eskaintza. Antolatzaileek azaldu dutenez, domekan omenaldia egin nahi diete Brouardi, eta ekitaldiari leloa jartzeko asmoz, haren hitzak hartu dituzte. Burrukia derriorra da lemapean elkartuko dira herritarrak domekan, 12:30ean, Santiren omenezko monolitoan (kiroldegi atzean); ekitaldian, gainera, hitza hartuko dute senide eta lagunek, eta baita ezker abertzaleko kideek ere.
Urteurren egunean, azaroaren 20an, urteroko lore eskaintza egingo dute hilerrian, 13:00etan. Arratsaldez ere elkartuko dira herritarrak, Sortuk deitutako manifestazioan: Bilboko Santiren kontsultatik hasita (Alameda Rekalde 8) manifestazioa egingo dute Herriaren arnasa lemapean. Bertan, Brouardegaz batera, Josu Muguruza ere omenduko dute.
Urteroko hitzordua, eguneroko borroka. Lekeitioko memorian “oso presente” dagoen eguna dela azpimarratu dute Sortuko kideek: “Euskal Herriaren aurka, Estatuaren errepresio estrategiaren ekintza bat gehiago izan zen Santiren erailketa. Garai horretan, Santi, balio eta prestigio handiko militantea eta pertsona zen. Oso maitatua zen bai herrian eta baita Euskal Herri osoan ere; ikusi besterik ez dago Bilboko eta Lekeitioko kaleak nola bete ziren bera agurtzeko”.
Santi oroitzeagaz batera, “estatu terrorismoaren biktimen aitortza eskatu eta nazio bulkada hauspotu” nahi dute: “Borroka derrigorra zela zioen Santik, eta hitz horrek egun ere gaurkotasun handia dute. Euskal Herriaren askatasuna belaunaldiz belaunaldi transmititu den borroka da. Borrokatzen duen herria bizirik dago eta bere helburuak lortzeko geroz eta hurbilago”.
Brouarden oroimenezko ekintzetara joateaz gain, azaroaren 23an EH Bilduk deitutako manifestaziora joateko deia ere zabaldu nahi izandute Sortuko kideek.