Emakumeen presentzia sarean zabalduz
Emakumeen bizitzak lau haizetara zabaltzen aritzen dira Wikiemakumeok proiektuko kideak, eta horretan ari dira Ane Lardi eta Arantza Garagartza, Lea Ibarran. Gaur gaurkoz bi kide diren arren, herritar gehiago taldera batzea nahi dute, eta Marisa Barrenaren hitzaldia eskainiko dute eguaztenean, Andraetxean. Proiektuagaz, "emakumeei euren tokia eta ikusgarritasuna ematea" dute helburu.
Azken hiru urteotan Wikipediako emakumeen euskarazko biografiak %18,98 izatetik, %27,45 izatera pasatu dira. Hala idatzi zuen Marisa Barrena maistra, ekintzaile eta Wikiemakumeok proiektuaren sustatzaileak bere Facebook orrian urtea hasi orduko. “Urtea 17.175 emakumerekin hasi dugu, orain lau urte 7.123rekin hasi genuen”, gaineratu zuen.
Gaur gaurkoz, ostera, 22.000 biografiatik gora daude Wikipedian irakurgai. Eta, helburu zehatz bat ipini dute: 2027rako 30.000 emakumeren artikuluak sartzea.
Horretan lanean aritzen dira, hain zuzen ere, eskualdeko zenbait emakume, Ondarroako eta Lekeitioko Wikiemakumeok taldeetako kideak, kasu. Lekeitioko taldekoak dira Arantza Garagartza eta Ane Lardi, eta 2022an martxan ipini zirenetik, ez dira gelditu. “Marisa Barrena gizon eta emakumeen arteko arrakalagaz kezkatuta zegoelako hasi zen lanean, ze, sekulako arrakala zegoen. Guk ere proiektura batu nahi izan dugu”, azaldu dute.
Hala, biak elkartu aurretik, bakoitzak bere bideari ekin zion. Lardi Lekeition bizi den oiartzuarra denez, bere jaioterrian eman zituen lehenengo pausoak: “Dina Bilbaoren artikulua Wikipedian ipini zutela jakin nuen aldi berean ezagutu nuen Wikiemakumeok proiektua. Ez nekien Oiartzunen taldea zegoenik, eta jakin nuenean, bertara batu nintzen. Gero, beste pare bat batu ziren taldera, eta hangoak martxa ona hartu zuela ikusi nuenean, Lekeition ere taldea sortu behar zela pentsatu nuen”.
Esan eta egin. Andraetxeko kidea da Lardi, eta bertan bota zuen taldea sortzeko ideia. Une horretan, Garagartzak ere halako proiekturen bat aurrera eroateko ideia zerabilen buruan, eta ez zuen zalantzarik izan Lardigaz elkartzeko: “Anek ideia proposatu zuenean, aspalditik pentsatuta neukan zerbait egi bihurtu zitekeela ikusi nuen. Ane euskalgintzatik dator, eta ni, hezkuntzatik. Nik eskolan ikasleekin biografia mordo bat lantzen nituen arren, eskola esparruan geratzen ziren. Biografia oso indartsuak dira asko, eta zabaltzeko gogoz nengoen. Wikipedian mugitzen hasteko gida bat landu nuen Iralen, eta gaur egun tresna hori erabiltzen dugu artikuluan egiterakoan”.
“Lekeitioko eta inguruko herrietako emakumeen zerrenda amaigabea daukagu esku artean, eta laguntza behar dugu”.
Hori horrela, gaur egun elkarlana da aurrera eroaten dutena, eta taldera herritar gehiago batzea nahi dute: “Orain arte lau artikulu egin ditugu, eta beste bi ditugu esku artean. Hala ere, Lekeitioko eta inguruko herrietako emakumeen zerrenda amaigabea daukagu esku artean, eta horretarako herritarren laguntza behar dugu”.
Orain arte egin dituzten artikuluen artean daude Maria Ortiz de Abaroa, XVI. mendeko emakume aberatsarena, Sebastiana Likona, XVI. mendeko serorarena eta Jaione Murelaga Izagirre, Lekeitioko lehenengo emakumezko alkatearena.
Eguaztenean argitaratu zuten euren azken artikulua: Nahia Quincoces kirolari mendexarrarena. Izan ere, lekeitiarrenak ez ezik, Lea Ibarreko emakumeen biografiak ere idazten dituzte: “Nahiaren biografia, esaterako, Lekeitioko eskolan egin zuen Inge Aboitiz gizaburuagarrak. Guk apur bat sakondu dugu, eta orain Wikipedian dago”.
Quincocesenaz gain, beste bi biografia darabiltzate esku artean: “Ane Miren Sustaeta Badiola eta Oihana Garatea Sustaeta saregileen biografiak egiten gabiltza. Azken finean, historia da biltzen duguna, eta oso ondo dago, esaterako, desagertzen ari diren lanbideak jaso eta ezagutarazteko”.
Biografiak direla esan arren, Wikipedian emakumeen presentzia egotea da bilatzen dutena: “Artikuluak hutsetik sortzeaz gain, eginda daudenak ere batzen saiatzen gara, ikasleenak, esaterako. Herriko ondarea jasotzen denean, beti gizonetaz gogoratzen gara, eta emakumeetaz ahaztu egiten gara. Proiektu honen bitartez euren tokia eman nahi diegu, ikusgarritasuna”.
“Aldameneko emakumeak egiten dituen gauzak ez ditugu ezagutzen. Hau errekonozimendua emateko modu bat da”.
Biografiak egiten hasteko orduan, irizpideak zehaztea zaila egiten zaien arren, argi dute ahal duten dena egingo dutela herriko emakumeak ezagutzera emateko: “Jaionek eta Nahiak sarrerarik ez edukitzea harrigarria iruditu zitzaigun. Hori da gertatzen dena emakumeokin: aldameneko emakumeak egiten dituen gauzak ez ditugu ezagutzen. Gauza xumeei ere garrantzirik kendu gabe, noski; guretzat emakume guztiak dira garrantzitsuak”.
Herritarrei deia. “Lan nahikotxo” eskatzen duen arren, “polita” dela deritze bi wikilariek: “Oso polita da, eta gainera, errekonozimendua emateko eta omenaldi bat egiteko modua ere bada”.
Barikuro batzen dira, eta taldera batu nahi dutenek eguaztenean edukiko dute horretarako hurrengo aukera. Izan ere, Barrena Wikiemakumeok proiektuaren sortzailea gonbidatu dute Andraetxera. 18:00etan elkartuko dira, eta Wikiemakumeok proiektua aurkeztuko dute: “Marisa Durangoko taldean dago, eta euskarazko wikipediaren elkartean ere bai. Ondarroan ere oraintsu egon da ikastaro bat ematen, eta orain gurean egongo da”.