Musikariek kaleak hartuko dituzte Santa Zezili ospatzeko
Lekeition, Musikaia musika eskolako fanfarrea lehen aldiz aterako da kalera.
Lea-Artibaiko musika eskolek, urtero legez, azaroaren 22ko Santa Zezilia Musikarien Eguna ospatuko dute. Ospakizun modura hainbat irteera egingo dituzte hurrengo egunetan Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan.
Lekeitioko Musikaia musika eskolak, adibidez, azaroaren 18an, astelehenean, egingo dute lehendabiziko irteera. Musika eskolako txistuko ikasleek eta herriko Itxaropena txistu taldeko kideek kalejira egingo dute 19:00etatik aurrera kalez kale. Horrez gain, 19:30ean, emanaldi txiki bat eskainiko diete herritarrei, Eskolapean. Hain zuzen ere, bereziena hurrengo egunean egingo dutena izango da. Musikaiako fanfarreak lehen aldiz hartuko ditu herriko kaleak. Musika eskolako talde berriak kalejira txiki bat osatuko du, Ikusgarri zinemako plazatik atera eta musika eskolara arteko ibilbidea osatuko dute, Eskolapetik ere igaroz. Lekeition, gainera, ohi bezala, musika bandak errepetorio “klasiko, herrikoi zein modernoa” eskainiko du zapatuan 12:00etan, Nautika aurrean.
Baina berritasunak ez dira hor geratzen Musikaiarentzako. Azaroaren 29an Bilbao Arenan Bilboko inklusioaren alde ospatuko den Ei! Bilbao ikuskizunean parte hartuko dute lehen aldiz. Besteak beste, Zea Mays, Bulego edota ETS taldeak bertan izango dira. “Oso pozik eta ilusioz” daude musika eskolako koral gazte taldea kantak prestatzen. 21 kantetan parte hrtuko dute, “goi mailako” musikariekin eszenatokia elkarbanatzen.
Ospakizunak
Tarine musika eskolak ere Santa Zezili Eguna ospatuko dute. Horretarako, azaroaren 19tik 21era Zertzelada Musikalak izeneko egitasmoa egingo dute. Tarineko hainbat taldek emanaldiak eskainiko dituzte datorren astean. Azaroaren 19an, 17:30ean, haizeko tresnen Tarine Brass taldeak kontzertua eskainiko du, Arretxinagako musika eskolako bigarren solairuko balkoietan. Hurrengo egunean, 18:00etan, 4, 5 eta 6 urteko Tarine Txikiak taldeak bigarren solairuan hainbat pieza joko ditu. Azaroaren 21erako, berriz, ekintza bikoitza osatuko dute. 17:30etik aurrera, kalerik kale ariko dira herriko giroa alaitzen. Azaldu dutenez, eguraldi txarragaz musika eskolako bigarren solairuan egingo dute. Ostean, kamara eta kantua ikasleen emanaldia eskainiko dute.
Horrez gain, barikuan, emeki korala kalerik kale ariko da 21:00etatik aurrera. Zapatuan kontzertu bikoitza emango dute. Hiru Beleak taldeak emanaldia eskainiko du 17:30ean, Arretxinagako ermitan. Sarrerak 3 euro balio du. Gero, 19:00etan, Xemein abesbatzak hartuko du lekukoa eta herriko kaleak hartuko ditu Kontzejupetik hasita. Aulestin ere kalerik kale ariko dira barikuan 20:00etan plazatik hasiko dute kantu poteoagaz.
Ondarroan, berriz, atzo eman zieten hasiera kontzertuei, baina jarraipena izango dute zapatuan. 19:30ean, San Zezili eguneko kontzertua emango dute Txistulari Taldeak, Unanue Kamara Koralak, Unanue Musika Eskolako Trikitilari Taldeak Eta Kantaize Abesbatzak, Andra Mari elizan.