Berriatua elikagai, artisau eta animalien plaza izango da
Zapatuan [azaroak 23] 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik azoka. Gero, Berritxu zesta-puntako Sariko finalak jokatuko dituzte.
Berriatua tradizioaren plaza izango da zapatuan [azaroak 23]. Berriatuko Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapen Alkarteak elikagai, artisau eta animalien azoka antolatu dute.
Frontoi txikiko karpan elikagaien postuak egongo dira, 10:00etatik 14:00etara: gazta, eztia, baserri eta arrain kontserbak, ogia eta gozoak eta ahatekiak. Horrez gain, jan-edana ez da faltako eta sagardoa hartzeko zein taloak jateko postuak jarriko dituzte. Plazako aterpea, berriz, artisauen kokagune izango da, bertan salduko baitituzte bitxiak, poltsak, arropak nahiz saskiak. Bestalde, herriko plazan askotariko animaliak ikusteko aukera egongo da: behiak, idiak, zaldiak, pottokak, poniak, astoak, oiloak, antzarak eta hegaztiak. Horrez gain, 12:30etik aurrera, herriko trikitilariek kalejira osatuko dute azoka gunetik.
Baina, Berriatuan zer egitekoa ez da eguerdian amaituko. Eguna luzatzeko esperantzagaz, 37. Berritxu Sariko finalak antolatu ditu herriko zesta eskolak 17:00etan. Maila desberdinetako finalak jokatuko dituzte, eta horietan parte hartuko duten bikoteak aste bitartean jokatuko diren finalaurrekoetan erabakiko dira.
Berriatuako Udalak ulertzen du ekonomiarentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat, kontsumo jasangarriarentzat eta biztanleriaren osasunarentzat lehen sektorea “garrantzitsua” dela. Horregatik, “funtsezko sektore izanda”, bere bideragarritasunean laguntzeko hainbat ekimen aurrera eramaten ditu, besteak beste, azokak. “Lea-Artibai eskualdean, orokorrean, lehen sektoreak eta lurreko produktuek izan duten eta daukaten garrantzia kontuan izanik, ezinbesteko jotzen da herritarrengana produktu hauek hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea”.
Musikarientzako omenaldia
Gainera, barikuan [azaroak 22] Goikolau Saria banatuko dute. Aurtengo saridunak herriko musikariak izango dira. Hain zuzen ere, barikua da Santa Zezili Eguna, musikarien eguna. Horrenbestez, zelan ez, musika izango dute ardatz, 19:30etik aurrera. Herriko musikari eta abeslariek hartuko dute protagonismoa eta karpa musikaz beteko dute.