Auzoz auzoko bilerak egingo dituzte Mutrikun
Bost bide desberdin zabalduko ditu Mutrikuko Udalak herritarren kexa, iradokizun eta beharrak jasotzeko. Gainera, bilerara joan ezin direnek, YouTubeko kanalaren bidez, jorratuko diren nondik norakoak jarraitzeko aukera izango dute.
Mutrikuko auzoetako beharrak, kexak eta iradokizunak zuzenean jasotzeko, auzoz auzoko bilerak egingo ditu Mutrikuko Udalak. Aurrez aurreko bilerak izango dira eta bide desberdinak eskainiko dituzte herritarren beharrak jasotzeko: “Urtero egin ditugu auzoz auzoko bilerak, guretzat oso garrantzitsua baita herritarrek esateko dutena entzutea, hurbileko kontaktua benetan beharrezkoak diren aldaketak eta hobekuntzak egiteko giltza da”.
Bost bide desberdin irekiko ditu udalak herritarren “erregu edo galderak” jasotzeko, “herritarren ahotsa entzun nahi dugu, idatziz, online edo aurrez aurre”. Online aukerari dagokionez, www.labur.eus/auzoz2024 helbidera sartu eta bertan izango dute behar, iradokizun edo kexak idazteko aukera, baita gobernazioa@mutriku.eus helbidera mezua bidalita ere. Horrez gain, Mutrikuko Udaleko YouTubeko kanalaren bidez, zuzenekoan, iruzkinak idazteko aukera egongo da. Eskuz jasotzeko, etxean jasoko duten eskuorriaren atzealdeko orria bete eta liburutegian edo Merkatu plazan jarritako buzoietako batean sartuta helduko zaio herritarren hitza udalari. Azkenik, egingo diren auzoz auzoko bileretan egongo da aurrez aurre “erregu edo galderak” udalari helarazteko aukera. Gainera, bilerara joan ezin diren herritarrek, internet bidez, zuzenean edo bilerak egin eta gero, landu diren nondik norakoak jarraitzeko aukera izango dute.
Bilerak Zabiel Kultur Etxean egingo dira, eta guneka banatuko dituzte, hau da, egun bakoitzean gune baten inguruko kexa, iritzi eta iradokizunak jaso eta erantzungo ditu Mutrikuko Udalak. Hiru izango dira landuko dituzten guneak; lehenengoa, Landa Eremuek, Pikupek eta Urazamendik osatuko dute, eta azaroaren 23an [zapatua] izango dute hitzordua, 11:00etan. Bigarren guneari dagokionez, azaroarem 25an bilduko dira, 18:00etan, eta hurrengo auzoen inguruan arituko dira: Txurruka plaza, Domingo Ibaibarriaga, Erdiko kale, Konde kalea, Atxitxin kale, Atxitxin aldapa, Beheko plaza, Barrenkale, Iper kale, San gil, Frontoiko aldapa, Sabanika, Azkiaga, Felix Txurruka, Tranpa kale, Moila kalea, Piñastegi, Burumendi, Ibirriaga, Isabel Lobiano, Samikolla eta inguruak. Hirugarren gunea, hurrengo kaleek osatuko dute: Jose Antonio Ezeiza, Agirre Lehendakaria, Madalena, San Miguel, Gaztañeta Almirantea, Jose Mari Altzibar, Entzus, Txurruka Tenienteak, Iriagirre, San Agustin, Hirigibel, Olatz bidea eta inguruak. Azken gune honetako hitzordua azaroaren 26an [martitzena] izango da, 18:00etan.