Errigoraren kanpaina onenetakoa izan da aurtengoa: 230.000 eurotik gora, Agerreko euskalgintzara
Urriaren 24tik azaroaren 14ra bitartean, Agerreko uzta, euskarari puzka! lelopean burutu zuten jatorrizko ideia oinarrian izan duen kanpaina, eta emaitzak "ezin hobeak" izan dira Errigorakoen berbetan.
Euzkarari Puzka kanpaina hamaikagarrenez gauzatu du Errigorak, eta, emaitzei begira, aurtengoa Errigoraren kanpaina onenetakoa izan dela jakinarazi dute: 16.000 saskiren bidez, 230.000 eurotik gora bideratuko dituzte Ager zonaldeko euskalgintzara (AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia). “Kopuru hau inoiz saskien bidez lortu den handiena da; beraz, badugu zer ospatu”, eskertu dute Errigorako kideek.
Izan ere, “ezin hobeak” diren emaitza horien atzean komunitate oso baten ahalmen eta ahalegina dagoela argi utzi gura izan dute: “Errigorraren komunitatea osatzen duten bolondres, ekoizle eta kontsumitzaileek jarritako indarrari esker lortu dugu aurtengo kanpainaren arrakasta. Auzolanari esker soilik da hau posible!”.
Urriaren 24tik azaroaren 14ra bitartean, Agerreko uzta, euskarari puzka! lelopean burutu zuten jatorrizko ideia oinarrian izan duen kanpaina. Hala, Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzari bidali beharreko elkartasunean jarri zuten arreta aurtengoan. Euskal Herriko metropolian abiatu zuten ekimena, Bilbon, bertako euskalzaleen babesa erakutsiz eta hango eta hemengo euskalzaleei auzolan erraldoiera batzeko deia eginez.
Ondoren, Errigoraren sarea lan eta lan ibili da azken hilabetean, batez ere kanpaina egunetan. Eta, horren adieralea izan zen azaroaren 9ko Ablitaseko auzolana: 200 lagun elkartu ziren 4.000 saski berde osatu zituzten.