Haiek badute zer ospatu
Berriatuko Mugimendu Feministak eta udalak elkarlanean protokolo feminista berritu dute. 2015ekoa eguneratzeko beharra ikusi dute. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat gauzatu dute. Azaroaren 25etik aurrera hasiko dira etxeetan banatzen. Hau da, haiek badute zer ospatu.
Azaroaren 25ean ospatzeko ia ezer ez badago ere, Berriatuan badute zer ospatu: protokolo feminista sortu dute. Hain zuzen ere, astelehenetik [azaroak 25] aurrera hasiko dira herriko etxe guztietara banatzen.
Berriatuak bazuen protokolo bat, 2015ean sortutakoa. Baina iazko azaroan emandako eraso matxistagatik berreskuratu nahi izan zenean, “hutsuneak zituela eta apur bat zaharkituta” zegoela konturatu ziren. Horregatik, eraso horren harira, protokolo berria sortzeko beharrizana nabaritu zuten herrian. Hau da, behar batetik atera da. “Biluzik” zeuden edozein motatako beste erasoen aurrean. “2015eko protokoloak gidalerro orokorrak zituen, eta beste maila batera eramateko beharra ikusi genuen: zein printzipio etiko eta filosofikoren arabera erantzungo den, zelangoa izango zen erantzun hori, zein urrats emango ziren horretarako… Halako zehaztasunak jaso behar zituela ikusi zen”.
Horrez gain, Berriatua bezalako herri txiki batean gertatu ohi denez, eraso matxista hark “oihartzun handia” izan zuen herrian. Herritarrak hunkitu zituen gertakaria izan zen, eta horren aurrean zelako erantzuna eman behar zenari buruzko eztabaida sortu zen. Bide horretatik, protokoloa prozesu parte hartzaile baten bidez sortzea erabaki zuten, herritarren babesa eta iritzia jasotzeko.
Otsailean egin zuten lehen saio irekia, eta bertan protokoloaren nondik norakoak eta indarkeria matxistaren aurkako formakuntza orokorra eskaini zituzten. “Protokoloaren tripak denon artean zehazteko ariketa izan zen, iritziak jasotzeko, zalantzak argitzeko edota galderak egiteko baliatu nahi izan genuen”. Behin eztabaida prozesu hori amaituta, Berritxuko Foro Feministaren eskuetara pasatu zen ardura, betiere udalagaz elkarlanean. Hala, azken zehaztapen eta moldaketak egin zituzten. Guztira 40 bat herritarrek parte hartu dute.
Orain arteko balorazioa “oso positiboa” dela diote, aurrez jarritako helburuak bete dituztelako. “Protokolo feminista berriztuago eta osatuago bat daukagu orain, eta herrian edozer gertatuta ere, gidalerro sendo bat izango dugu, zeri eutsi izango dugu. Azken batean, emakumeak babestuago sentituko gara”.
Hori bai, oraindik ez dute herritar guztiengana zabaldu. Hori da hurrengo pausoa, etxe guztietara zabalduko dute. “Protokoloa ez da bakarrik emakumeenganako indarkerian oinarritzen, baizik eta genero eta bikotasunetik kanpo geratzen diren genero eta gorputzak ere barne hartzen ditu”.
Hala ere, argi utzi dute dokumentu “bizia” dela, hau da, moldagarria dela. “Aldaketak eskatzen dituen protokoloa da, gizartea aurrera joan ahala, indarkeria matxistak formaz aldatu ahala, berrikuntzak sartu beharko dira”. Horrez gain, argi dute protokoloa ez dela errealitatean ematen diren gertaera denen erantzuna, baizik eta erantzun hori artikulatzeko laguntza eta oinarri bat izango dela. “Ez genuen bilatzen erantzun denak izatea, egoerak konplexuak izaten direlako, baina bidea elkarlanean egiteak laguntzen du oinarri komun batzuk jartzen”.
Jaietako protokoloak ohikoak eta beharrezkoak izaten dira, badaude zerbitzuak kudeatzen dituzten erakundeen artekoak eta hezkuntza arlokoak ere bai. Baina herri mailakoa egitea beharrezkoa ikusi dute, salaketak ez direlako bakarrik erakundeetara heldu behar, herritarrek ere zeresan handia dutelako, elkartasuna adierazteko modu bat delako, baita “nahikoa dela” adierazteko ere. “Salaketa edo laguntza ofizialez gain, garrantzitsua ikusi dugu herri mailan babesa eta, aldi berean gaitzespena helarazteko bide-orria izatea”.
Hori bai, Berriatuko protokoloak berezitasun handi bat dauka: emaginekin batera osatu dute. Mobilizazioez gain, bestelako jarduera batzuei bide eman nahi diete, prebentziotik, batez ere. Erantzun mota desberdinak planteatzen dituzte, ez bakarrik ohiko elkarretaratzeak edo manifestazioak edota dolu egunak egitea. Erreparazio kolektiboa bultzatu nahi dute herri mailan: “Batzuetan erasotuarengan eta erasotzailean oinarritzen gara bakarrik, baina herri mailan ere inpaktu handia izaten dute, Orioko kasuan, adibidez”.
Arreta
Protokoloan, indarkeria matxista kasuei erantzun bateratua emateko adostutako irizpideak eta ibilbideak jaso dituzte. Hiru kasutan aktibatuko litzateke protokoloa. Batetik, Berriatuan eraso matxista bat gertatzean. Bestetik, Berriatutik kanpo gertatu denean erasoa baina, gutxienez, inplikatuetako bat herrian bizi edota herriagaz lotura duenean. Azkenik, erasoa jasan duena defendatzeagatik, herriko pertsona bat erasotua izan denean, jazoera herrian gertatu edo ez.
Jarrera matxistak errotik kentzeko zein erasoak ematen direnean zurrumurrutik eta morbotik ez hartzeko, arreta handia jarri nahi izan diote herritar moduan norbanakoek daukaten edo izan dezateken ardurari. Alde horretatik, erdigune nagusietako bat erritmoa izan da, biktimaren erritmoa, zehazki. “Kanpotik presa asko izan dezakegu, baina barruan min eta beldur asko egon ahal dira, eta erritmoak errespetatzea garrantzitsua dela uste dugu”.