Berrituarrek beste behin ez dute azokan hutsik egin
Elikagai, artisau eta animalien azoka egin dute gaur [azaroak 23] 10:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, zesta-puntako 37. Berritxu Sariak lehiaketako finalak izango dira protagonista.
Berriatuarrek ez dute hutsik egin urtero Berriatuko Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapen Alkarteak elikagai, artisau eta animalien azokagaz. Gaur [azaroak 23] eguraldi ona lagun, garai hauetan euririk ez egitea ona delako, asko izan dira herrira bertaratu direnak. Izan ere, inguruko herrietako lagun asko inguratu da azokara. Agian haizeak ekarrita, eguneko beste protagonista nagusietako bat izan baita. Azoka aurten, iaz ez bezala, Erroak Loran Berritxuarron jaiagaz bat egin ez baduen ere, giro bikaina nagusitu da herrian.
Hain zuzen ere, ikusteko, probatzeko, jateko edota edateko asko zegoen hiru gune nagusi baitzeuden. Batetik, inguruko elikagaien postuak egon dira, besteak beste Baskaran edota Larruz: gazta, eztia, baserri eta arrain kontserbak, ogia eta gozoak eta ahatekiak. Udaletxe alboan, berriz, artisauek haien lanak erakutsi dituzte. Bestalde, herriko plazan askotariko animaliak ikusteko aukera egon da: behiak, idiak, zaldiak, pottokak, poniak, astoak, oiloak, antzarak eta hegaztiak.
Horrelakoetan gehienetan gertatzen den bezala, eguerdian elkartu da jenderik gehien. Alde horretatik, Tarine musika eskolako trikitilariek eta pandero jotzaileek musika jarri diote eguerdiari. Bazkaltzeko ordua hurbildu den heinean taloa jateko ilara gero eta luzeagoa izan da. Azoketan huts egiten ez duen beste osagaietako bat da.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Salmentei dagokionez, denetarik egon da. Batzuek nahikoa saldu dute, beste batzuek ez bainbeste, baina denek ala denek azpimarratu dute azoken garrantzia, eta herritarrak bertoko produktuak kontsumitzen segitzera animatu dituzte.
Bazkaria ez, baina partiduak bai
Erroak Loran ez, baina horren ordez, frontoirako beste hitzordu bat zehaztu dute arratsalderako. Zesta-Puntako 37. Berritxu Sariak, 13. Luis Bilbao Sariak, txapelketako finalak jokatuko dituzte 16:30etik aurrera. Hurrengokoak dira maila desberdinetako finaletako parte hartzaileak, guztira sei partida jokatuko dituzte: Ulibarri-Orhi vs Aurrikoetxea-Bustindui, Helena-Maialen vs Ihart Arai, Lekue III-Argoitia vs Alain-Kirmen, Orkatz-Xuban vs Altuna-Itoiz, Arrasate-Bereau vs Amets-Ureta eta Aaron-Atain vs Antxon-Argoitia.