Asteburu bete-betea izan dute Berriatuan
Elikagai, artisau eta animalia azokaz gain, askotariko ekintzak izan dituzte herrian, eta Erroak Loran jaiagaz jarraipena emango diote.
Azaro amaiera ekintzaz betea dute Berriatuan. Ekimen asko eta askotarikoak, ume, gazte zein nagusientzako. Literatur Astea ospatu zuten lehendabizi, eta asteburuan zer egitekoa ez da falta izan. Elikagai, artisau eta animalia azokak herritar asko elkartu bazituen ere, ekintza guztietan elkartu da jendetza.
Joan den barikuan [azaroak 22] Goikolau Sariak ekitaldia osatu zuten. Asko izan ziren frontoi txikiko karpa bete zuten herritarrak. Musika izan zen protagonista nagusi eta bakarra iluntzean. Berriatuko abeslari eta musikariak igo ziren oholtzara eta giro bikaina nagusitu zen.
Zapatuan [azaroak 23] goizean berriatuarrak, eta inguruko herrietako beste hainbat lagun ere, azokan elkartu baziren, arratsaldean Mendibarren frontoian egin zuten berriro topo. Bertan, 37. Berritxu Sariak zesta-punta txapelketako finalak jokatu ziren. Hurrengokoak izan ziren irabazleak maila bakoitzean: Aurrikoetxea-Bustindui, Ihart-Arai, Orkatz-Xuban, Lekue III-Argoitia II, Arrasate-Bereau eta Aaron-Atain.