Iñigo Ansola markina-xemeindarra da Bizkaiko Buru Batzarreko presidente berria
EAJren Bizkaiko Herrialde Batzarretan nagusitasunez gailendu da Ansola: 189 ahaldunetatik 162ren babesa jaso du. Hala, BBBko presidente izendatzeagaz batera, ibilbidean bidelagun izango dituen hamabi burukideak ere aukeratu ditu. Ansola ibilbide berriari heltzeko "ilusioz beteta eta indartsu" agertu da.
Zapatuan [azaroak 23] EAJren Bizkaiko Herrialde Batzarrak Iñigo Ansola Kareaga markina-xemeindarra izendatu zuen Bizkai Buru Batzarraren presidente. Nagusitasunez gailendu da Ansola: 189 ahaldun ditu Herri Batzarrak, eta horietatik 162ren babesa jaso zuen. David Salinas-Armendariz zen beste hautagaia, eta hamabost ahaldunen babesa jaso zuen.
Hori horrela, EAJren Herrialde Estatutuetan jasotzen dena jarraituz, Ansolak agintaldi berrian bidelagun izango dituen hamabi burukideak aukeratu zituen. Lau burukidek orain arteko erantzukizunekin jarraituko dute, Maitane Ipiñazar Miranda, Itziar Landaburu Ugalde, Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga eta Jane Eyre Urkieta Zuzaetak, hain zuzen ere. Gainontzekoak, burukide berriak izango dira: Aritz Abaroa Cantuariense, Alfonso Aliende Agirre, Unai Andraka Casimiro, Mikel Hidalgo Bordegarai, Ekaitz Mentxaka Corral, Ane Támara Ordorika, Leire Urtasun Jimeno eta Xabier Zubiaur Agirre. Era berean, alderdikideek Bizkaiko Justizia Epaimahaia osatuko duten bost kideak eta EAJren Aberri Batzarrean Bizkaiak izango dituen 50 ordezkariak ere aukeratu zituzten.
Aukeratutako lantaldeagaz “behar besteko indarra” edukiko duela azpimarratu zuen Ansolak, eta besteren artean, lantaldeagaz aurrera eroan nahi dituen hainbat helburu finkatu zituen: herritargoari erantzutea, arazoei konponbideak ematea, gazteentzat aukera sortzea eta balore demokratikoak finkatzea.
Itxaso Atutxaren lekukoa hartu du Ansolak, 2013ko otsailetik BBBren presidentea izan ostean. BBBk urriaren 17an hasi zuen barne karguak berritzeko prozesua, eta ibilbide guztian alderdikideengandik jasotako “babesa eta adeitasuna” eskertu zituen Ansolak. Era berean, Atutxak eta haren lantaldeak egindako lana ere eskertu nahi izan du, 11 urte eta erdiz erakutsitako “konpromisoa eta dedikazioa” eskertuz.
Ibilbidea. Markina-xemeindarrak “sustrai jeltzale eta abertzale sendo eta sakonak” ditu familian, izan ere, haren aita zinegotzi izan zen Trantsizio garaian eta 2000ko lehen hamarkadan. Angel Kareaga osaba, ostera, Markina-Xemeingo alkate izan zen 1999tik 2003ra; haren lekukoa hartu, eta 2003tik 2015era bitartean zinegotzi lanean aritu zen Ansola. Ikasketak Berakruz Ikastolan eta Ondarroako Institutuan eginda, EHUn Ingenieritza Teknikoko ikasketak hasi zituen, baina ezin izan zituen amaitu.
Gaztetan hasi zuen Ansolak bere ibilbide politikoa ere. EGI gazte erakundeko militantea izan zen hasieran, eta 1994n EAJn alderdikidetu zen Ansola, Markina-Xemeingo Uri Erakundean. Hainbat barne erantzukizunen ostean, herriko Uri Buru Batzarraren presidente izendatu zuten. Horrez gain, Bizkaiko ordezkari ere izan da Aberri Batzarrean, eta baita Bizkaiko Herrialde Batzararren mahaiburu ere.
2003an izendatu zuten Ansola Lea-Artibai Mankomunitateko buru, eta 2007an, ostera, Bizkaiko Foru Aldundiko Uren zuzendari; Imanol Pradales egungo Lehendakariagaz aritu zen lanean Ansola. BFAko Uren zuzendari izatetik, Eusko Jaurlaritzako URA Uraren Euskal Agentziako zuzendari izatera igaro zen, 2013an. 2016ra arte karguan egon ostean, Energiaren Euska Erakundeko zuzendari izendatu zuten 2016an, eta gaurdaino aritu da horretan. Ansola ibilbide berriagaz hasteko “ilusioz eta indartsu” agertu da.