Euskal Herriari kantatu dio Patxi Saizek bere disko berrian
Hamahiru urteren ostean, 'Kantatzen duen herria gara' diskoa kaleratu du Patxi Saiz musikariak.
Hamabi abestiz osatutako diskoa kaleratu berri du Patxi Saiz musikariak: Kantatzen duen herria gara. Bertan, “izan ginena, garena, eta izango garenaren” aldarria erdigunean jarrita, Euskal Herriari abestu dio: “Euskal Herriaren zapalkuntzan begirada jarrita, oroimen historikoa, herria, deserria, euskara, eta kantugintza landu ditut abestietan, besteak beste. Gure ondorengoei transmisio lana egitea izango litzateke helburua, badirudi, kontzientziak lokarturik daudela, eta lan honekin, alarma moduko bat piztu nahi izan dut, jendea esnarazi, eta transmisioari bidea ireki”.
2011n kaleratu zen Saizek bere azkenengo diskoa, duela hamahiru urte, zehazki. Denbora luzean ibili da laugarren diskoa jorratzen, eta orain, eskuartean dauka: “Autoekoizpenean egindako lana izanik, denbora luzean ibili naiz diskoa jorratzen. Kantuak sortu, konponketak egin, musikariekin harremanetan jarri, dena egokitu… prozesu luzea izan da, eta kontuan hartuta ni ez naizela guztiz musika mundura dedikatzen, lana bikoitza izan da. Horregatik luzatu da hainbeste prozesua”. Azken urte honetan eman dio bultzada diskoari; martxoan eta apirilean egin zituen diskoaren grabazioak, ekainera bitartean nahasketak, eta gero, fabrikazioaren txanda izan zen. Duela gutxi atera da lana “fabrikatik”, eta orain, eskuartean duelarik, banaketa lanetan dabil.
Beste diskoekin alderatuz, oinarri harmoniko gehiagoko lana da honakoa, nahiz eta ahotsari eta musika tresna akustikoei garrantzia eman dion: “Bost kantutan bateria eta baxua sartu ditut, eta horrek, gorputza ematen dio abestiei. Beste kantu guztiak ere musika tresna desberdinez hornituta daude, baina akustika kutsuarekin. Adibidez, hiru kantutan perkusio latinoa sartu dut. Beraz, esan genezake soinu biribilagoa duen diskoa dela, nahiz eta gauza bakoitzari bere planoa topatzen ahalegindu naizen”. Beste zazpi musikarik hartu dute parte diskoaren grabaketan; Ander Barrenetxea baterian, Mikel Arakistain baxuan, Lide Goenaga pianoan, Aitor Mitxelena klarinetean, Maikel Talavera perkusio latinoan, Juan Luis Aranburu akordeoian eta sintetizatzailean, eta Amaia Aranaga biolinean.
Bestalde, diskoaren grabaketa Haritz Harreguy estudioan egin du, eta nahasketaz Pello Gorrotxategi arduratu da. Masterizazioaz, berriz, Estanis Elorza. Azalak ere, badauka berezitasuna Patxi Saizen disko honetan. Izan ere, Asisko Urmeneta arduratu da lan hau egiteaz, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeen ahotsak irudikatu nahi izan ditu: “Diskoaren izena Kantatzen duen herria izanik, hortik dator azalaren ideia, azken abestiak ere izen berdina baitauka. Pascua irletako MOAIak ageri dira bertan, zazpi, zehazki, zazpi herrialdeetako arbasoen ahotsa irudikatu, eta gurera ekarriz”.
Etorkizunera begira zuzenekoak emateko asmoagaz dago Patxi Saiz: “Behin diskoa atera ondoren, zuzenekoak lotzea da nire helburua. Gutxinaka banabil horretan, eta nahiz eta data zehatzik ez daukagun, Lekeitioko Galarrena tabernan, Zestoako Postale tabernan eta Zarauzko Arranon erdi lotuta ditut”. Gaur gaurkoz, Lea-Artibai eskualdean Ondarroan aurki daiteke Saizen diskoa; Kurike dendan, Xirula tabernan, Arrantzale tabernan eta Zamora tabernan.