Desanexioaren urteurren biribila ospatzeko, prest
Ziortza-bolibarrek bere desanexioaren hogeigarren urteurrena ospatuko du zapatuan [azaroak 30]. Egun osoko egitaraua prestatu dute, elkarlanean.
Urte eta egun biribila ospatuko dute ziortza-bolibartarrek zapatuan. Izan ere, hogei urte beteko dira zapatuan [azaroak 30] bertan Ziortza-Bolibar Markina-Xemeindik desanexionatu zenetik. Goi-goitik ospatzeko gogoz daude herritarrak, eta euren neurrira egindako egitarauagaz gozatuko dute.
Ziortza-bolibartarren bereizgarri den auzolanagaz antolatu dute aurtengoa ere, Andoni Lariz alkateak azaldu duenaren arabera: “Egunari begira, puntu indartsua udalaren eta herriko taldeen arteko elkarlanean antolatu dugula da. Bolibartarrok herri honen parte izatearen harrotasuna ospatzeko egun moduan planteatu nahi dugu. Gogoratzeko eguna izango da”.
Hala, jada hogei urtez martxan dagoen ekimen batekin hasiko dute eguna. Aranbaltz Kultur Elkarteak mendi martxa antolatu du herriko bazter ezkutuak ezagutzeko asmoz. Aurtengoa, gainera, “berezia” izango dela nabarmendu dute: “Axpe baserriak sekulako padagia eta artadia ditu, besteak beste, duela urte askotako arteak ditu. Badute baita ere, aintzinako kantera eta beste hainbat arbol berezi ere. Hagin handi eta zahar bat ere badauka, nahiko toki ezkutuan, eta baita beste txiki batzuk ere”.
18:30ean Euskal Barrok Ensenble taldeak kontzertua eskainiko du elizan.
Herritarrak beraz, Axpe baserrirainoko bidean eta inguruetan ibili dira. Ume nahi nagusi, denentzako egokia den ibilbidea antolatu dute. 10:00etan elkartuko dira plazan, eta Axpe, Munioz, Errotalde, Txirtuta eta Elizaldea izango da egingo dute ibilbidea. Bi ordu eta erdi inguruko iraupea izango duela aurreikusten dute, eta herritar nahiz ingurukoei bertaratzeko deia luzatu duiete: “Paisaia politak daude. Gainera, Axpeko Jabier Gerrikabeitiak azalpenak emango ditu. Eguraldiak eragin handia izango duen arren, espero dugu 50 eta 100 herritarren artean batzea”.
13:30ean, ostera, Zeargoi herriko dantza taldeak aurreskua eskainiko du udaletxe aurrean. Ondoren, herri argazkia aterako dute, eta luntxa ere egongo da, trikitilarien musikagaz batera.
Egunagaz amaitzeko, kontzertu “berezi” bat eskainiko dute: 18:30ean Euskal Barrok Ensenble talde bilbotarrak Euskal Antiqua emanaldia eskainiko du, Enrique Solinis zuzendariaren gidaritzapean. “Kontzertuaren berezitasuna da elizan izango dela. Txistu emanaldiak eta egin izan dira elizan, baina kontzertu bat ez dela eskaini urteak dira. Herritarrei bertaratzera animatu nahi diegu, berezia izango da-eta”, azaldu du Larizek.
Argazkien erakusketa. Egun guztiko egitaraua gutxi ez, eta argazki erakusketa ere antolatu dute. Zapatuan [azaroak 30] 12:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai Simon Bolivar Museoan. Larizek azaldu duenez, desanexioaren inguruko argazkiez gain, beste zaharrago batzuk ere ikusi ahalko dira bertan: “Desanexio eguneko argazkiak bildu ditugu, Ziortza-Bolibarkoak eta Gernikakoak; herritarren eguna zelan joan zen ikusten da. Era berean, desanexioaren aurreko egunetako argakiak ere egongo dira, egin ziren aldarrikapenak ikusteko. Horrez gain, 1950 baino lehenagoko beste argazki batzuk ere ikusgai ipini ditugu. Oraingoz pare bat astez egongo da erakusketa, baina baliteke luzatzea”.