Uma Ulazia: "Feminismo materialistak emakumeak klase sozial bezala ulertzen ditu"
Euskal Herriko greba feministen diskurtsoak aztertu ditu Uma Ulazia Zubeldia (Mutriku, 2001) politologo eta aktibista feministak 'Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistitatik' liburuan.
Euskal Herriko Greba Feministak. Diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik liburuak 2019ko eta 2023ko greba feministak ditu oinarri, eta bien diskurtsoen analisiaren bitartez, feminismo idealistaren eta materialistaren arteko ezberdintasunak mahaigaineratzen ditu Uma Ulaziak. Lisipe bildumako hamabosgarren saiakera da, eta 2023ko azaroaren 30etik urtebete igaroko den honetan, greba horrek irekitako panorama berriari buruz ere aritu da.
Autokritikan oinarritutako lana dela diozu. Zergatik?
Premisa orokorra da, mundu ikuskera idealistak, ikuskera materialistaren kontrajarria denak, patriarkatua erreproduzitzen duela, eta honetara kondenatzen gaituela. Idealismoa sozialki sutraituta dago, eta ikuskera orokortuaren parte den heinean, guk geuk ere premisa horiek errepoduzitzen ditugu. Interesgarria litzateke premisa hauek identifikatzea, zer esan nahi dugun, eta zertarako, erabaki ahal izateko.
Bi marko kontrajarrien gaineko analisia egin duzu: materialista eta idealista. Zuk, feminismo materialistatik planteatzen duzu bidea.
Feminismo materialistak emakumeak eta gizonak klase sozial gisa definitzen ditu, baina hau hobeto ulertzen da idealismoarekin zuzenean alderatuta. Idealismoak dio emakumeak eta gizonak jaio egiten direla, hau da, betirako dira. Materialismoak, kontrara, emakume eta gizonen arteko desberdintasuna sortu egiten dela dio, eta ez jaio. Emakumeen kasuan desberdintasun hori zaintzarekin, berezko ahuleziarekin, edo biolentzia eta autodefentsarako gaitasuna ukatzearekin lotzen da, bestea beste. Materialismotik, diferentzia hori naturala ez dela diogu, eta politizatu egin behar dela, emakumeei naturalki inposatu digutena desblokeatzeko, eta borroka eremu bihurtzeko.
Beraz, feminismo materialistak gizon eta emakumeen desagerpena dakar.
Gizon eta emakumeen arteko diferentzia ez da naturala; boterea da. Beraz, zentzu horretan, emakumea klase sozial gisa definitzen dugu. Botere berditasuna egoteko, klase sozialik gabeko etorkizun baten aldeko borroka planteatzen da, eta honek, gizon eta emakumeen desagerpena aldarrikatzea dakar.
Batetik edo bestetik, borroka eta bidearen planteamendua desberdinak dira, ondorioak baita. Zeintzuk dira feminismo materialistarenak?
Emakumeak eta gizonak klase sozial bezala definitzean, gatazkarako tartea askoz handiagoa da. Hau da, ulertzen baldin badugu klase sozialak direla, hauen artean beti egongo da desberdintasun bat, eta orduan, baten eta bestearen arteko kolaborazioak, edozein borroka aurrera eramateko, interklasistak dira. Irakurketa materialista eginez gero, desagertu egiten da gizon batzuk onak eta besteak txarrak diren ideia, gizon guztiak klase sozial berdinaren parte baitira. Beraz, ez da emakumeen kontrako biolentzia sustatzen duten gizon konkretu batzuen kontrako borroka, irakurketa aldatu egiten da, eta modu estrukturalean ulertzeko aukera ematen du, baita borrokak aktibatzekoa ere.
Gizon eta emakumeen arteko diferentzia ez da naturala; boterea da. Beraz, zentzu horretan, emakumea klase sozial gisa definitzen dugu.
Eta zaintza auziarekin lotuta?
Feminismo materialistak zaintzaren auzia klase gatazka bezala ulertzen du. Zaintza ez da lan konkretu batzuen batuketa; ez da amona garbitzea edo umeak zaintzea. Emakumeek menpeko baldintzetan eta gutxi ordainduta edo ordaindu gabe egiten duten lan guztia da zaintza. Horrela ulertu ezean, ezin da debaluazioa azaldu, hau da, ezin da azaldu zergatik daukan prestigio gutxiago zaintzak arkitekturak baino. Lanak ez daude beraien artean botere harremanetan, botere harremanetan dagoena jendea da, sexu-klaseetan antolatuta. Orduan, lanaren edukia bera ez da prestigioaren kausa, lan hori zeinek egiten duen baizik. Beraz, feminismo materialistatik, zaintza da emakumeek menpeko baldintzetan egiten duten lan oro, sistematikoki debaluatzen dena.
Bi greba ditu oinarrian zure analisiak, 2019koa eta 2023koa. Beraien artean inpaktu oso desberdina eduki dutenak. Zeintzuk dira desberdintasunak eta ateratako ondorio nagusiak?
2019ko grebak kultura aldaketa baten sakontzeko aukera ematen du, hegemonia berri bat finkatzeko prozesuaren parte bezala ulertu behar dugu, eta hegemonia berri bat inplantatzea beharrezkoa da sistema eta estatu berri bat eraiki nahi badugu. Zentzu horretan, utopia berriak planteatzen dira, adibidez, emakume eta gizonen desagerpena, eta borroka desberdinak aktibatzen eta sustatzen dira.
2023koak berriz, negoziazioa du erdigunean.
Hori da. 2023ko grebak negoziazioaren funtzioa betetzen du, eta hemen, mugimendu feministak sindikatuaren estrategia klasikoa bere egiten du, eta orduan, panorama berria irekitzen da, estatuarekin eta kapitalarekin bizi baldintzak negoziatzeko. Diskurtsoa desberdina da, erabilgarritasuna desberdina delako, eta greba baten eta bestearen helburuak ere desberdinak direlako. Diskurtsoaren eta greben inpaktuan antzeman daiteke desberdintasun hori.
Zaintzari buruz gabiltzanean ere, heterosexualitatea problematizatzea beharrezkoa dela diozu; zaintzaren inguruko diskurtso bolleroa sortzea, hain zuzen.
Lan hau hortik abiatzen da. Zaintzaren inguruan sortzen ari ginen diskurtsoetan ez zen heterosexualitatea agertzen, oro har. Ez agertzeak, ez problematizatzea esan nahi du, eta araua ez problematizatzeak, arau bera erreproduzitzea dakar. Hau da, zaintzaren inguruko diskurtso heterosexualak ari ginen sortzen, eta heterosexualitatea bera da zaintza sostengatzen duena. Horrez gain, espazio bollero edo transmaribolloetan ere ez zen gai zentrala zaintzaren auzia. Beraz, uste dut beharrezkoa dela zaintzaren inguruko diskurtso bolleroa sortzea, baita greba prozesuan edo zaintzarekin lotutako edozein auzitan bollerak subjektu aktiboak izatea ere.
2023ko grebak negoziazioaren funtzioa betetzen du, eta hemen, mugimendu feministak sindikatuaren estrategia klasikoa bere egiten du, eta orduan, panorama berria irekitzen da, estatuarekin eta kapitalarekin bizi baldintzak negoziatzeko.
Gaur egun, mundu ikuskera idealista oso errotuta dago gizartean. Horren aurrean, feminismo materialistaren ikuskerak nolabaiteko erreakzio edo erresistentziak sortu ditzake?
Erresistentzia badago; batez ere, erradikala delako, eta orain arte politizatu ez diren esparruak politizatzen dituelako, baina, ezezagutzatik ere izan daiteke, materialismoa ez baitago oso errotuta gizartean. Hala ere, honek ezin gaitu blokeo egoeretara eraman. Zentzu horretan, marko materialista zabaltzeko orduan, dibulgazio lana egin behar da, eta bagabiltza horretan. Mugimendu feministatik garaipen asko lortzen gabiltza, borroka oso interesgarriak aurrera eramaten gabiltza, eta horretan jarraitu behar dugu.
Uste dut beharrezkoa dela zaintzaren inguruko diskurtso bolleroa sortzea
Urtebete igaro da 2023ko grebatik. Garaipen handiak lortu ziren. Baina orain, zein da aurrera begira egin beharrekoa?
Duela urtebete aktibatutako indar guztia nola kanalizatu pentsatu behar dugu orain, zertarako erabili nahi dugun, eta nola egingo dugun zaintzaren auziak Euskal Herriko agenda markatu dezan.
Liburuaren hasierako orrietara bueltatuz, esker onen atalean horrela diozu: «Egia askorekin sartu nintzen taldera. Eskerrik asko, irakatsi didazuelako egia ez dela existitzen; bai, ordea, estrategia». Eta beherago: «Bakarrik ezin da, zuekin bai».
Diskurtsoak akademiatik sortzen direnean, erraza da koherentzia topatzea, eta garaipenak ere erraz ikusten dira. Baina diskurtso akademikoak borroka esparruetara eramatean, gakoa ez da soilik norbere koherentziak esaten duena, sortutako diskurtsoek borroketan hartzen duten forma baizik. Aliantzengan eta kolektiboarengan sinisten dugu, eta hori da beti eraldaketarako bidea, kolektiboaren eta kolektiboarekiko konpromisoan oinarrituta dagoena. Ez dago egi bat, baina bai estrategiak. Bakarrik ezin da, kolektiboan ostera, bai.