Euskara sustatzeko plana jarri dute martxan Aulestin
Abenduaren 3ra [martitzena] arte egongo da galdetegia betetzeko aukera. Parte hartze saioak abenduaren 5ean eta 12an egingo dira, 17:00etatik 18:30era, Aulestiko Udaletxean,
Euskara sustatzeko plan estrategikoa jarri du martxan Aulestiko Udalak, Uemarekin elkarlanean. Helburua, Aulestin euskaraz bizitzen jarraitzeko aukerak “zabaldu eta bultzatzea” da. Lea-Artibai eskualdeko zenbait herritan ere badabiltza plan estrategikoa burutzen, besteak beste, Gizaburuagan eta Mendexan.
Azken datu ofizialen arabera, Aulestin %88,5ak dakite euskaraz, eta euskaraz bizi den arren, hala izaten jarraitzea da herritarren helburua: “Gure bizimoduan aldaketa handiak gertatu dira urteotan, eta hurrengoetan ere gertatuko dira: harreman ereduak, teknologia berriak, biztanle mugimenduak… Aldaketa horiek guztiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari, eta globalizatutako mundu honetan, ezinbestekoa zaigu euskararen aldeko hautua egitea”. Hala, hamar urtera begirako plana jarri dute martxan herrian, eta udalak zabaldutako galdetegia betetzea da lehenengo pausoa. Honetarako, bi aukera zabaldu ditu Aulestiko Udalak; modu digitalean, edo, etxeko buzoian jasotako galdetegia udaletxeko buzoian, idazkaritzan edo Ainhoa dendan entregatuta. Abenduaren 3ra [martitzena] arte egongo da galdetegia betetzeko aukera, eta zapatuan [azaroak 30] herrian egongo den III. Gabon azokan ere Aulestiko Euskara taldeak postua jarriko du, herritarrek galdetegia betetzeko erraztasuna izan dezaten.
Behin galdetegia bete eta bertako datuak jaso ondoren, herritarrentzako eta eragileentzako parte hartze saioak egingo dituzte. Hauek, Aulestiko Udaletxean egingo dira, abenduaren 5ean eta 12an, 17:00etatik 18:30era. Saioetan, Aulestiko Euskara taldeak egindako hausnarketak, ahulguneak eta indarguneak partekatuko ditu herritarrekin.
Aulestiko Udalak euskaraz egiteko aukerak zabaltzeko eta bultzatzeko, eta herritar eta eragileei erraztasunak emateko konpromisoa hartu du: “Bide horretan sakontzeko eta aurrean dauzkagun erronkei egoki erantzuteko, hamar urtera begirako plangintza osatzeko asmoa dugu, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean”. Beraz, galdetegia betetzeko eta parte hartze saioetara bertaratzeko deia egin die herritarrei: “Euskaraz bizitzen jarraitzeko, denok gara ezinbestekoak. Beraz, animatu parte hartze saioetara!”.