Mutrikuko Udalak auzoz auzoko batzarren balorazio "oso positiboa" egin du
Joan den martitzenean [azaroak 26] amaitu zituzten batzarrak: "Halako batzarrak sekulako laguntza dira guretzat". Denetariko eskaerak jaso dituzte: irisgarritasuna hobetzeko eta elkarbizitza hobetzeko eskaerak dira behin baino gehiagotan errepikatu direnak.
Martizenean [azaroak 26] amaitu zituen Mutrikuko Udalak aurtengo auzoz auzoko batzarrak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, egin duten balorazioa “oso positiboa” izan da: “Herritarrengandik edozer jasota ere, jende aurrean ipintzea guretzat oso garrantzitsua da. Azken finean, 5.300 biztanleko herri bat gara, eta 10.000 begi dira horiek. Udal taldeak gune batzuk kontrolatu ditzake, baina dena ezin dugu ikusi. Horregatik, halako batzarrak sekulako laguntza dira guretzat”.
Azaldu dutenez, denetariko eskaerak jaso dituzte, eta, lehenago edo beranduago, denei erantzuna ematen saiatzen dira: “Herritarren eskariak batu eta denei erantzun bat eman diegu. Batzuk, datorren urteko aurrekontuetan sartuko ditugu; beste batzuk, proiektu handiagoak, adibidez, aztertu egin behar ditugu. Beste eskaera batzuei aldiz, hasi gara jada konponbidea ematen”.
Proiektu handiei dagokienez, “asko” errepikatzen diren eskaerak dira irisgarritasuna hobetzeko eta igogailu gehiago ipintzeko eskaerak: “Proiektu oso handiak direnak edo gauza oso historikoak, agian hurrengo urteko bileran berriro aterako dira. Baina, jasota ditugu, eta beti egiten diogu teink; eta bestela, erantzun bat ematen zaie. Eskakizunei jarraipena ematen diegu beti”.
Datorren urteari begira, komentua berritzen hastea aurreikusten dute.
Bestalde, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko ere, hainbat eskaera jaso dituzte. Horien artean daude, esaterako, autoen abiadura azkarra gune batzuetatik igarotzerakoan, gauetan sortzen den zarata eta auzo batzuetan sortzen den zaborra. Arazo edo eskaera horiek egun batetik bestera konpondu ezin diren arren, “errespetua eta kontzientzia” eskatu diete herritarrei.
Herribusaren ibilbidea hobetzea, landa guneetako bideak konpondu eta txukuntzea eta plagen kontrola eta jarraipena egitea izan dira behin baino gehiagotan jaso dituzten beste eskaeretako batzuk. Era berean, Mijoa erreka zaintzeko eskaera ere egin dute hainbat herritarrek; udalak zapatuko [azaroak 23] batzarrean adierazi zuenez, URA agentziarena da errekaren ardura, eta astelehenean [azaroak 25] elkartu ziren bi alderdiak, erreka inguruak aztertu eta ekintza plan bat egiteko asmoz.
Aurten egindako proiektuen inguruan ere aritu ziren batzarretan. Udalak gogorarazi zuen aurtengo proiektu handien artean egon direla merkatu plaza berritzea eta Egañaneko frontoia estaltzea. Datorren urteari begira, komentua berritzen hastea aurreikusten dute.
Bertaratzeko aukerarik eduki ez zutenek, udalaren Youtubeko kanalean ikusi ditzakete batzar guztiak; Zapatuan [azaroak 23] landa eremuetako eta diseminatuetako herritarrak elkartu ziren, eta astelehen [azaroak 25] eta asteartean [azaroak 26], aldiz, herriguneetako mutrikuarrak.
Komunikazioa hobetuz. Udal ordezkariek Linea Verde mugikorreko aplikazioa erabiltzeko deia egin diete herritarrei. Bertan, herriko edozein inzidentzia erregistratu daiteke; udal teknikariek adierazi dutenez, egunero begiratzen dituzte bertatik jasotako eskaerak, eta ahal bezain arinen irtenbidea ematen saiatzen dira. Era berean, jakinarazi dute udaletxea egunero dagoela zabalik, eta eskaerak edukiz gero bertara ere jo daitekeela. Hala ere, adierazi dutenez, datorren urtera begira udal teknikariekin komunikatzeko bide “errazago” bat martxan ipintzea aurreikusten dute.