Tokiko komertzioa eta ostalaritza bultzatzeko helburuagaz, 'Herrian erein, herrian loratuz' kanpaina abiarazi dute Ondarroan
Zatoztek, Ondarroako Dendari eta Ostalari Elkarteak, eta Ondarroako Udalak herrian eta arduraz kontsumitzea bultzatzeko kanpaina jarri dute martxan.
Herriko komertzioak erdigunean jarri, eta hauen garrantzia eta beharrezkotasuna azpimarratzeko helburuagaz Herrian erein, herrian loratu kanpaina jarri dute martxan Ondarroako Udalak eta Zatoztek, Ondarroako Dendari eta Ostalari Elkarteak. «Azken bost urteetan komertzio asko itxi dira Ondarroan, eta kanpaina honekin kontzientziak piztu nahi ditugu, benetan komertzioek herrian nolako garrantzia duten adieraziz. Horrez gain, erretiroa hartzearen ondorioz itxi diren denda eta tabernak ere badaude, eta belaunaldi arteko erreleborik ez egotea ere kezkagarria da».
Ez da gabonetako kainpaina bat, eta ez dute erosketa konpultsiboen ideia butzatu nahi, internet bidez edo zentro komertzial handietara jo aurretik, herriko komertzioei aukera emateko bermeak jartzea da xedea: «Guk ez badugu herrian erosten, nork egingo du? Horrela jarraituz gero, momentu bat helduko da, non azukrea ere ezingo dugun herrian erosi. Argi esan nahi dugu; herriko merkataritzaren aldeko apustua egitea, herriaren aldeko apustua egitea da».
25 bideo. Tokiko komertzioek herriari ematen dioten bizitasuna mahaigaineratu nahi izan du Zatozte Elkarteak: «Herrian kontsumitzearen aldeko apustuak sekulako onurak ekarri ditzake; kotxea hartu beharrik ez, herrian lanpostuak sortu, erakuslehioetako argitasunen ondorioz segurtasuna bermatu… luzea da zerrenda. Kanpaina honetan, onura guzti horrek helarazi nahi dizkiogu herriari». Hogeita bost bideo motzetan oinarritzen da kanpaina, eta bakoitzean, herriko merkatari batek dauka hitza, «Bizitasuna, ekologismoa, segurtasuna, ekonomia zirkularra, belaunaldien arteko erreleboak, aurrez aurreko arreta… horrelako gaiak jorratu ditugu bideoetan. Guztira 25 grabatu ditugu, eta egunero argitaratuko dugu bat sare sozialen bitartez».