Ana Goitia: "Tinko jarraitu behar dugu euskararen aldeko bidea egiten"
'Elkar mugituz egingo dugu' lelopean dator 2025eko Euskaraldia, eta laugarren aldi horretako hamaikakoan egongo da Ana Goitia Erkiaga lekeitiarra. Euskararen erabileran aurrerapausoak eman eta hizkuntzaren portaerak aldatzera bultzatuko ditu herritarrak, beste hamar lagunekin batera.
Aurkezlea, umoregilea eta kazetaria. Nolabait, horrela deskribatu daiteke Ana Goitia Erkiaga lekeitiarra. 2025eko maiatzaren 15etik 25era ospatuko den Euskaraldiaren hamaikakoaren parte da bera, eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi duelako, gogotsu ekingo dio aurrean daukan erronkari: “Harro erakutsi behar dugu gure hizkuntza, eta harrotasunez erabili, beti”.
Euskaraldiko hamaikakoan zaude. Nola hartu zenuen gonbidapena?
Dei baten bidez jaso nuen Euskaraldiko hamaikakoaren parte izateko gonbidapena, eta poz-pozik hartu nuen. Gaur egun, Euskaraldia behar batetik sortu den egitasmoa da, eta nahiz eta pena ematen duen horrelako egitasmoak beharrezkoak izatea, euskararen egoera kolokan dagoen bitartean, funtsezkoak dira. Euskaraldia bezalako ekimenekin, gure hizkuntza zoragarri honi bultzada ematen diogu, eta pertsonalki, niretzat ohore bat da honen parte izatea, nire ama hizkuntza den euskaragatik zerbait egin ahal izatea.
Euskaraldian enbaxadore izango zara. Zein da zure funtzioa eta erronka?
Euskaraldia leku guztietara zabaltzea da nire ardura, Euskaraldia eta euskara, jakina. Nik erronka bezala jarri dudana, zera da, Euskal Herriko txoko guztietan, lehenengo hitza euskaraz egitea. Askotan gertatzen zait, Lekeitiotik irten eta hiriburuetara joaten naizenean, lehenengo hitza gazteleraz egiten dut, eta ohitura hau inkontzientean sartuta daukagu. Beraz, hori da nire erronka.
Ohitura horiek errotik aldatu behar direla uste duzu?
Bai. Inkontzienteki erreproduzitzen ditugun ohiturak dira, eta aldatu egin behar ditugunak. Lehenengo hitza euskaraz egitea arau sozial bihurtu behar dugu.
Nik erronka bezala jarri dudana, zera da, Euskal Herriko txoko guztietan, lehenengo hitza euskaraz egitea.
Zure esparruetako bat sare sozialak izanik, bertan euskaraz egitea hautu bat izan dela esan zenezake? Kontuan hartuta publikoa askoz zabalagoa dela.
Bai, bada hautu bat. Instagrama, adibidez, asko erabiltzen dut egunerokotasunean, eta hasieretan, duela urte asko, gazteleraz sortzen nuen edukia. Garai horretan, jende gutxik egiten zuen euskaraz sare sozialetan. Gaur egun, ordea, kontrakoa egiten dut, askotan mintzatzen naiz euskaraz, eta konturatu naiz euskarafobia handia dagoela, ez soilik Euskal Herritik kanpo, baizik eta Euskal Herrian bertan bizi direnek ere, ez dutela onartzen. Horrez gain, nire jarraitzaile asko ez dira euskaldunak, eta ez dira Euskal Herrian bizi, beste herrialde batzuetakoak dira, eta badakit ez dutela ulertuko esaten ari naizena, baina ez da ezer kostatzen lehenengo euskaraz esan edo idaztea, eta gero, agian, gazteleraz. Gainera, gaur egun ez dago aitzakiarik, itzultzaileak gure eskura ditugu eta.
Katana bakarrizketa ere sortu duzu, euskaraz.
Bai, eta galdetu izan didate ea ez dudan gaztelerazko bertsiorik aterako. Nik argi neukan nire lehenengo bakarrizketa izanda, euskaraz egingo nuela. Eta argi daukat Euskal Herrian zehar Katana euskaraz entzungo dela. Hemendik kanpo ez dakit, agian, izan daiteke gazteleraz egitea, baina hemen, ez. Gainera, bakarrizketa lekeitiarrez egiten dut, eta horrek, nortasuna ematen dio Katanari.
Gaur egun, nola ikusten duzu euskararen egoera Euskal Herrian?
Gaizki. Ikustea besterik ez dago Euskal Herriko hedabideetan edo kaleetan euskarak daukan presentzia hutsa. Ez dago euskararekiko konpromisorik.
Zehatzera joanda, Lea-Artibai euskararen arnasgune bat da, baita Lekeitio bera ere. Baina azken urteetan erabilera datuek nabarmen egin dute behera. Nola ikusten duzu egoera eskualdean eta herrian?
Kezka handia sortzen didate gaur egungo datuek, eta zer esanik ez, etorkizunekoek. Uste dut ez garela kontziente guzti honek zer suposatzen duenaz. Asko jaitsi da erabilera eskualdean, baina, adibidez, Lekeitio Ondarroarekin alderatuz gero, Lekeitioko datuak are kezkagarriagoak dira. Inkontzienteen mundu batean bizi gara, eta horrelako datuak azaleratzea beharrezkoa da, egoeraren dimentsioaz jakitun egoteko. Nola izan daiteke arnasgune potente batean, erabilera hainbeste jaistea? Datuak erreparatu, eta egoerari buelta emateko ordua da.
Zein mezu bidaliko zenieke euskal herritarrei?
Tinko jarraitu behar dugu euskararen aldeko bidea egiten, eta denok egin behar dugu bat honetan. Ez dakienak, ahaleginduz, eta batez ere, dakienak erabiliz. Baina hor, euskaraz dakigunok, erabiltzea da gakoa, bestela, jai daukagu. Euskara euskal nortasuna eta izaera islatzen duen hizkuntza da, eta harro gaude, eta harro egon behar gara. Harro erakutsi behar dugu gure hizkuntza, eta harrotasunez erabili, beti.
Kezka handia sortzen didate gaur egungo datuek, eta zer esanik ez, etorkizunekoek. Uste dut ez garela kontziente guzti honek zer suposatzen duenaz.