Beldur Barik saria Markina BHIra ekarri dute
Helburu dute maila orokorretik sortutako edukiak, ikuspegiak eta mezuak gazteen testuinguru zehatzetara hurbiltzea.
Markina BHIko DBHko 3. mailako ikasle talde batek Beldur Barik lehiaketako saria irabazi du. Lehiaketa 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Bideoetan, sortzaileek egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute: “Alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexista eta matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin”.
Hain zuzen ere, hiru maila desberdindu dituzte: 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak, 14-18 urte bitartekoak eta 19-20 urte bitarteko gazteak. 14. aldiz antolatu dute lehiaketa eta helburu argia dute: “Emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen adierazpenak aintzat hartu, baloratu eta bultzatzea”.