Berriatuko eta Ondarroako ikasleak, Arnasetik bideo lehiaketan irabazle
Joan den eguenean [azaroak 28] Bergarako Seminarixoa aretoan ospatu zen arnasguneetako gazteei zuzendutako hirugarren Arnasetik bideo lehiaketaren sari banaketa.
Arnasetik, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da. Euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du.
Bertan, Berriatuko eskolako eta Ondarroa BHIko ikasleak saritu dituzte. Berriatua HLHI ikastetxeko LH 5-6 ko ikasleek Arnasetik bideosormen lehiaketako saria irabazi dute Elizpeko arbola lanagaz. DBH 3-4 mailan, berriz, Ondarroa BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Leokadi lanagatik.
Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak dira. Antolatzaileek esan dutenez, aurten epaimahaiak “inoiz baino lan zailagoa” izan du irabazleak hautatzerako garaian.
Izan ere hirugarren lehiaketak parte hartzea inoizko handiena izan da. 260 lan jaso dituzte, azken lehiaketan baino 148 gehiago. Publikoaren saria hautatzeko bozketa epea 4.200 bozka baino gehiagogaz itxi zuten. Lehiaketan arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere hartu dute parte. Hala, Euskal Herri osoko 40 udalerri inguruko ikaslek. “Arnasa Gara proiektuaren xedea euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea da, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz”.